AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/05 19:23

Abenduaren 9an ekin zioten greba mugagabeari La Morea merkataritza-guneko H&M saltokiko langileek. Cordobillako (Nafarroa) dendan hemezortzi langilek egiten dute lan osotara eta, ELA sindikatuaren arabera, horietatik soilik zortzik egiten dute lanaldi osoan. 

Lanaldi osoa daukaten zortzi langileek 1.000 euro jasotzen dituzte hilean eta, hala, soldata horren erdia jasotzen dute lanaldi erdian dauden beste hamar langileek. Zentzu horretan, azken urteetan "langileen erosahalmenaren galera %17,4koa izan dela" salatu du sindikatuak, H&Mko beharginen ordainsaria ez baita 2009tik igo. Hala, soldata igoeraren alde egiten dute greba langileek, bai eta hura ziurtatuko duen hitzarmen baten alde ere.

Hainbat lanuzte eta mobilizazio egin ondoren greba mugagabera jotzea erabaki zuten langileek, enpresa ez baitzen haiekin bildu. Gaur-gaurkoz, enpresako zuzendaritzak biltzeari uko egin diola salatu du sindikatuak eta, beraz, langileek grebari eutsiko diote. Mobilizazioek ere jarraituko dute, ostegunero eta ostiralero bezala, La Morean elkarretaratzeak egiten jarraituko baitute beharginek. Beste bi mobilizaziotara ere deitu dute: urtarrilaren 14an eta 28an, elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñeko (Nafarroa) Udaletxe plazan, 12:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK