AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Prensa Latina
2023/06/06 10:07

Ekainaren 18an gose grebari ekingo diote Israelen kontrolpeko espetxeetan atxiloaldi administratiboan dauden preso palestinarrek; alegia, inolako epaiketarik egin gabe preso sartu dituztenek. Askatasuna, iraultza, atxiloketa administratiboaren aurkako intifada lelopean aurkeztu du deialdia Palestinako Presoen Batzordeak, eta, gose grebaren bidez, sionisten kartzeletako atxiloketa administratiboen erregimena amai dadila exijituko dute.

Addemeer Palestinako presoen eskubideen aldeko elkartearen esanetan, gaur egun ia 5.000 palestinar dituzte preso Israelgo autoritateek, tartean, 155 adingabe. Horietatik 1.014 daude atxiloaldi administratiboan. Israelek palestinarrak atxilotu eta "terrorista susmagarritzat" jotzen dituenean, aitzakia horrekin kartzelaratzen ditu inolako epaiketarik gabe.

Elkartasunezko beste baraualdi bat, aurreko ostiralean

Joan den ostiralean, ekainaren 2an, 24 orduko baraualdi bat egin zuten hainbat eta hainbat preso palestinarrek, Israelen menpeko kartzela guztietan. Modu horretan exijitu zuten Walid Daqqa preso palestinarra aske utz dezatela; 62 urte ditu, eta larriki gaixorik dago. Israelgo autoritateek duela gutxi bota dute atzera Daqqa aske geratzeko eskaera.

Bestalde, atxiloaldi administratiboaren eta hiru presori ezarritako bakartze-erregimenaren kontra egin zuten protesta baraualdiaren bidez. Hain justu, Ahmed Saadat Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko idazkari orokorra, Ahed Ghulamah eta Walid Hanatshe dituzte bakartuta.

Khader Adnan, gose greban hila

Otsailaren 5ean atxilotu zuten Khader Adnan palestinarra Israelgo indarrek, eta kargurik edota epaiketarik gabe espetxeratu zuten. Protesta modura jo zuen orduan gose grebara, eta 87 barau-egun zeramatzanean hil zen, maiatza hastean. Gutxienez hamabi aldiz atxilotu zuen Israelek.

EZ DAGO IRUZKINIK