AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/27 08:50

Greba Eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzan. Ikasle Abertzaleaken greba deialdiarekin bat eginez, ikastetxeak utzi eta kaleak hartu dituzte gaurkoan milaka ikaslek, lau hiriburuetako mobilizazioetan parte hartzeko. Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! lelopean mobilizatu dira Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa), "hezkuntzan bizitzen ari den ofentsiba kapitalistari aurre egiteko eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko". Manifestazio horiekin biribildu dute azken asteetan, ikastetxez ikastetxe, hezkuntzako ofentsiba hori seinalatzeko eta ikasleak borrokara batzeko egindako lan guztia.

"Gaur kalera atera ditugun aldarriak garbiak dira: doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren alde borrokatuko dugu", azaldu dute IAko kideek. "Inposatzen dizkiguten curriculum eta ebaluazioaren aurrean, hezkuntza komunitateak kontrolatuko duen currikulum eta ebaluazioaren alde borrrokatuko dugu; interes unibertsalen araberakoa izango dena, hain zuzen ere. Despolitizatzen eta idiotizatzen gaituen hezkuntza ereduaren aurrean, ikasleon adimenaren garapen askerako eta pentsamendu kritikoa sustatzeko hezkuntza ereduaren alde borrokatuko dugu. Bide horretan, hezkuntza komunitateak eta batez ere ikasleok jasaten ditugun infantilizazioarekin eta autoritarismo bortitzarekin amaitu nahi dugu. Oinarrizko askatasuna eta eskubide politikoak bermatzen dituen hezkuntza eraikitzera gatoz eta konpromisoz jardungo dugu bide hori egiten", xehatu dute.

«Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren alde borrokatuko dugu»

Ikasleen eskubide politikoak, ukatuta

"Infantilismoarekin eta autoritarismo bortitz" horrekin lotuta, azkeen asteetan gaurko grebari begira lanean aritu diren ikasleek jasandako jazarpenaz ohartarazi du IAk. Adibidez, gogorarazi du Iruñerrian (Nafarroa) hiru ikasle kanporatu dituztela haien zentrotik, Ezkerraldean (Bizkaia) kanporatua izateko mehatxupean dagoela ikasle bat, Bilbon (Bizkaia) ikasle ugari izan direla haien ikastetxeetan seinalatuak, eta hamaika zentrotan pairatu dituztela irakasleen jazarpena eta umiliazioak hamaika ikaslek. Poliziak ere esku hartu du zenbait kasutan: Donostiako Usandizagara Ertzaintza sartu zen joan den astean, zenbait ikasle grebaren berri emateko lanean ari zirela; hiru gazte identifikatu zituzten ertzainek.

Bestalde, greba egiteko eskubidea sistematikoki ukatu diete ikasleei hainbat eta hainbat ikastetxetan. Horri aurre egiteko eta greba egiteko eskubidea aldarrikatzeko mobilizatu dira ikasleak azken egunetan, besteak beste, zentroetan eserialdiak eginez; zenbait tokitan lortu dute, modu horretan, ikasleen greba egiteko eskubidea errespetaraztea. Hala ere, hainbat zentrotan ez dute baimena lortu, baina horren aurrean ere ez dira isilik geratu ikasleak: Txantreako (Iruñerria) Nekazaritza eta Basogintzako Lanbide Heziketan, adibidez, eskolen geldialdia debekatu dute, baina elkarretaratze bat egin dute ikasleek gaur goizean goiz, Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! zioen pankarta bat hartuta. Espainiako Polizia bertaratu da, eta pertsona bat identifikatu eta mehatxatu du.

"Elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diegu egun hauetan ikastetxez ikastetxe jardun politikoa egiten ibili izanagatik ondorio errepresiboak eta zigorrak jaso dituzten ikasle horiei guztiei", azpimarratu du gaur IAk.

«Greba egiteko eskubidea sistematikoki ukatu diete ikasleei hainbat eta hainbat ikastetxetan»

Bortxazko aldaketak hezkuntzan ere

"Hezkuntza etengabe erreformatzen ari da, ziklo produktibo berrira egokitzeko beharrak bultzatuta", azaldu dute IAko kideek gaurko manifestazioen amaieran: "Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, Kapitala bere irabaziak bermatu nahian ari da, eta horretarako, gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu".

Hain zuzen, aldaketa-prozesu horren guztiaren erdian hasi da ikasturte hau ere, IAk seinalatu duenez: "Hankaz gora aurkitu dugu Bigarren Hezkuntza; ikastetxe eta zentroen noraeza, ikas-baldintzen okerragotzea, neurri berrien gaineko ezjakintasuna eta, aurreko ikasturteetan bezala, desados agertu garenon isilaraztea". Une honetan mahai gainean diren erreforma nagusiak, LOMLOE eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza lege berria, "miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri" direla salatu dute ikasleek, sarri, "aurrerapen modura saldu nahi izan dizkiguten arren". Oinarri horien artean aipatu dituzte, esaterako, "heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa".

IAk salatu du, gainera, "inposatua" izan dela hori guztia eta "agerian" geratzen ari dela "hezkuntzaren izaera inposatzailea", politikari profesionalak izango direlako, "enpresa handien agindupean", "Kapitalaren eraso hori egikaritu eta bideratuko dutenak", hezkuntzan barne. "Hezkuntzaren norabidetzea elite baten eskuetan dago eta agente pribilegiatu batzuek, hala nola sindikatu zein alderdi politiko nagusiek, zuzentzen dituzte hartutako erabakiak, enpresari handien eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dizkiguten bitartean", dio IAk.

Horren adibidetzat jo du, zehazki, EAEko hezkuntza lege berria: "Politikoki oso ezberdinak direla uste den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aipatu dugun norabidetzean sakontzeko".

«Miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri dira LOMLOE eta EAEko hezkuntza legea»

Erasoaldiaren aurpegiak: heziketaren desegitea, diziplinamendua eta proletalgoaren kanporaketa

"Heziketaren desegitea" aipatzean, hain zuzen, "hezkuntza edukiz husten" ari direla esan nahi du IAk. "Ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira", IAren esanetan, eta horri lotuta ulertzen du zentroetan "konpetentzia jakin batzuen baitan ebaluatzea edota autoritarismoa zein infantilizazioa hedatzea".

Bestalde, "bitarteko gutxien dituztenak" hezkuntzatik apurka-apurka kanporatuak izateak "hezkuntzaren elitizazioari egiten dio erreferentzia", IAk zehaztu duenez. "Aipatutako prozesu hori guztia ez da berdina ikasle txiroenen eta dirudunenen artean. Ez dago interesik proletalgoa heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, prozesuak berak gero eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak", adierazi du: "Familia askorentzat sostengaezina bilakatzen ari den inbertsio bat da hezkuntza, gaur-gaurkoz etorkizun ziurgabe bat baino eskaintzen ez duena". "Proletalgoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari da eta ezin dugu besoak gurutzatuta itxaron", nabarmendu du, hala, ikasle antolakundeak.

«Proletalgoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari da eta ezin dugu besoak gurutzatuta itxaron»

"Guk garbi daukagu erreformek zuzenean kolpatzen dutela langile klasea, ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino", gehitu dute IAko kideek. Dena den, xehatu dute "hezkuntzaren arazoaren konponbidea ez dugula ez legeen aldaketa konkretuetan ez parlamentuko zirkuan aurkituko": "Horregatik, politikarien iruzurrari ezetz esan eta hezkuntza erreformen aurrean antolatzeko unea dela uste dugu".

"Gaur lau hiriburutako kaleak hartu ditugun arren, borroka honek ez du etenik", ohartarazi du, azkenik, IAk. "Erreforma garai honetan antolatzeko nahiz mobilizatzeko beharra agerikoa da. [...] Ikastetxez ikastetxe antolatzen eta mobilizatzen jarraitu beharra daukagu; hezkuntza sozialistaren bidea eraikitzen jarraitu beharra daukagu", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK