AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @AritzUrrengo (X)
2025/01/23 15:50

Unibertsitatetik kanpoko hezkuntza publikoan, atzo eta gaur izan dituzte EAEko greba-zikloko lehenengo bi lanuzteak. Irakasleek ireki dute ziklo hori: iturri sindikalen arabera, %75 batu ziren atzo grebara (Eusko Jaurlaritzaren arabera, %48 izan ziren), eta manifestazio jendetsu bat egin zuten Bilbon (Bizkaia). Beste hamar lanuzte daude deituta hurrengo asteetarako: irakasleek otsailaren 26an eta 27an joko dute berriz grebara, haurreskoletako langileek urtarrilaren 28an eta 29an zein otsailaren 12an eta 13an egingo dute, eta garbiketako eta jantoki-zerbitzuko beharginek urtarrilaren 30ean eta 31n nahiz otsailaren 19an eta 20an.

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak modu masiboan igorri zuen mezu bat aurreko ostiralean, lanuzteen ararian. Hezkuntza publikoko ikasleen gurasoei bidali zien gobernuak e-mail bidezko oharra, esanez urteak daramatzala hezkuntzako hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko lanean, eta greba gaitzesten: "Zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan". Mugimendu hori erasotzat jo dute sindikatuek, helburua "propaganda egitea, familiak irakasleon kontra jartzea eta grebak baldintzatzea" izan delakoan. Esan dute, bestalde, negoziazio-bileretan ez dagoela oraingoz irtenbide zehatzik mahai gainean.

Lan-hitzarmenak berritzeko elkarrizketek zabalik jarraitzen dute (agortuta daude aipatutako sektoreetako itunak), eta sindikatuek hainbat eskaera egin dituzte lan-baldintzei dagokienez: lan-karga arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena areagotzeko zein enplegua nolabait egonkortzeko neurriak eskatzen dituzte, bai eta euskarari edo berdintasun-politikei lotutako neurriak ere. Azpimarra egin diote garbiketako eta jantoki-zerbitzuko beharginen egoerari: emakumeak dira nagusi, eta soldatarik baxuenak dituzte. Deialdiak egun hauetan irakasleen artean izan duen erantzunak erakutsi du, beste behin ere, handia dela hezkuntza-sistemaren kalitatearen inguruko kezka.

Nafarroan ere egin dute deialdi bat hurrengo asterako: hezkuntza publikoko irakasleak urtarrilaren 30ean daude grebara deituta. Lan-baldintzak hobetzeko elkarrizketa eskatu dute berriz, seinalatuta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez daukala horretarako borondaterik. Azaroan erdietsitako akordioa "demokraziaren kontrakotzat" jo dute aipatutako lau sindikatuek.

EZ DAGO IRUZKINIK