Garraioaren Sektorearen Defentsarako Plataformak greba mugagabera deitu zituen garraiolariak aste honen hasierarako, Espainiako Estatu mailan. Besteak beste, salatu zuten erregaien garestitzeak gogor kolpatu duela sektorea, eta une honetan, lanera joatea ez dela errentagarria haientzat. Azaldu zuten, gainera, garraio-enpresen %90 daudela porrot-egoeran, eta "onartezinak" direla garraiolari gehienek jasan behar dituzten lan-baldintzak.
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agentziako Ministerioari hainbat eskaera egin zizkieten aurretik; besteak beste, garraiolarien lanetik eratortzen diren lan-gaixotasunak aitortzea, atseden-guneetan segurtasun-neurriak hobetzea, errepide bidezko salgaien garraio-zerbitzuak ustiapen-kostuen azpitik kontratatzea debekatzea, edota garraiolarien lana arrisku handikoa dela aitortuta geratzea eta, modu horretan, erretiro-adina 60 urtean kokatzea.
Ministerioak, baina, ez ditu eskaera horiek onartu; erregaien garestitze ikaragarriarekin are gehiago larriagotu da egoera eta, hala, grebara deitu dute garraiolariek. Patronal handiek ez dute bat egin deialdiarekin.
Hego Euskal Herrian ere astelehenean ekin zieten lanuzteei beharginek eta, batez ere, autonomoak batu dira protestetara. Berria-ren arabera, "enpresa handietan normal egin zuten lan".
Momentuz bi elkartek babestu dute greba deialdia Hego Euskal Herrian; hain justu, Hiru sindikatuak eta Tradisna Nafarroako elkarteak —kide gehienak autonomoak eta enpresa txikietakoak dira—. Atzo, dena den, Bilboko (Bizkaia) TransportBilbaoko kide askok jo zuten grebara; Bilboko portuko garraiolari autonomoak dira nagusiki.
Atzoko protestetan, esaterako, 200 garraiolari inguruk egin zuten pikete bat Bilboko portuan, eta 300 kamioi eta furgoneta inguruk oztopatu zuten Iruñeko (Nafarroa) trafikoa. Besteak beste, oraingoz, portuetan nabaritu da grebaren eragina.