Gaur, urtarrilaren 7a, greba-eguna da Avanza garraio-enpresan eta Gipuzkoako arropa eta zapata dendetan. Avanzako langileek urtarrilaren 5ean ekin zioten hiru eguneko lanuzteari, eta gaur amaituko da, gauerdian. Avanzako 162 beharginen artean, gehiengoak bozkatu zuen greba-deialdi honen alde, eta hainbat autobus-lineatan lortu dute protestak eragitea; hala nola, Donostia (Gipuzkoa) hiriburua Debagoiena eskualdearekin, Gasteizekin (Araba), Bilborekin (Bizkaia) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuarekin lotzen dituen zerbitzuetan.
Avanzako langileek hainbat protesta eta lanuzte egin zituzten abenduan zehar. Soldatak KPIaren arabera igotzea, lanaldiak murriztea, errelebo bidezko kontratuak ezartzea eta autobus-flotaren egoera hobetzea exijitzen dute, besteak beste. Bi urte daramatzate lan-baldintza berriak negoziatzen, baina hobekuntzarik ez dute lortu beharginek, eta sindikatuekin biltzeari ere uko egiten dio orain enpresako zuzendaritzak. Hurrengo egunetan lorpenik ez bada, langileek berriz joko dute grebara hilaren 18an, 19an eta 20an.
Arropa eta zapata merkataritzan ere borrokan segitzen dute langileek. Eguberrietan Gipuzkoan eta Bizkaian egin dituzte protestak, eta gaur, merkealdien hasiera probestuko dute euren aldarrikapenak egiten jarraitzeko: greba-eguna izango dute Gipuzkoako langileek, eta kontzentrazio bat egingo dute 11:30ean, Donostiako Garbera merkataritza-gunean.
2023ko uztailean egin zuten aurreneko lanuztea, eta gaurkoa hamaseigarrena da jadanik. ARTE patronal berriak (Inditex, Mango, H&M zein Primark marka erraldoiek osatzen dute besteak beste) estatu mailako itun bat ezarri nahi du, baina Gipuzkoako eta Bizkaiko beharginek salatu dute euren lan-baldintzak okertzen dituela hitzarmenak; adibidez, jaiegunei eta soldatei dagokienez. Probintzia mailako itunei eutsi nahi diete langileek, eta ikusteke dago zer gertatuko den urtarrilaren 19n, negoziazio-mahaia berriz biltzen denean.
Gabon garaian, Euskal Herriko lan-sektore eta lantoki gehiagotako langileak ere izan dira borrokan.