AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/18 13:45

Hainbat greba dira martxan Euskal Herriko txoko ugaritan. Bilboko (Bizkaia) Uberreko langileek, Baionako (Lapurdi) zamaketariek eta Irungo (Gipuzkoa) IrunBuseko gidariek, esaterako, greba egingo dute datozen egunetan.

Bilboko Uber taxi-enpresako langileek apirilean izan zituzten hiru lanuzte, eta orain grebari ekin diote berriro: ekainaren 17tik 30era luzatuko dute greba. Ares Capital eta Moove Cars enpresen esku dago zerbitzua, eta lehenengoak kontratatutako langileek hasi dituzte lanuzteak. 80 langile dira Ares Capitaleko plantilla osatzen dutenak. Lan-baldintzak oso eskasak direla azaldu dute, eta soldatak ez duela apenas lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen. Lanaldiak, aitzitik, amaigabeak dira.

Langileen ordezkariek salatu dutenez, teorian, egunean zortzi orduz egin behar dute lan beharginek, kontratuaren arabera. Baina Uberrek ez ditu ordu guztiak aintzat hartzen. Izan ere, lanean egiten dituzten ordu guztiak kontuan hartu ordez, bezeroekin eginiko bidaiak bakarrik zenbatzen dituzte lanordu modura; gehi beste %30, gasolina botatzeko eta autoa garbitzeko.

Modu horretan, 10 minutuko bidai bat eginez gero, 13 minutu bakarrik hartzen ditu kontuan Uberrek, eta ez egunean zehar lanean igarotako ordu guztiak. Beharginek zehaztu dutenez, ia "esklabotza-egoeran" daude, kontratua betetzea ezinezkoa baita, eta uneoro orduak "zor" dizkiote enpresari. Hala, lanean egiten dituzten ordu guztiak zenbatzea exijitzen dute.

Soldata da langileen bigarren aldarrikapen nagusia. Hilean 1.134 euro besterik ez dituzte jasotzen, egunean zortzi orduko lan-kontratua izanez gero. Antza denez, Madrilgo langileei ezarritako lan-hitzarmena Bilboko plantillari aplikatu nahi dio enpresak, baina soldata-igoera oso txikia izango litzateke: 1.333 euroko hamabi soldata kobratuko lituzkete urtean. Langileek argi adierazi dutenez, soldata-igoera hori ez da nahikoa.

Beste hainbat aldarrikapen ere egin dituzte Uberreko beharginek. Besteak beste, oporrak euren beharren arabera eskatzeko eskubidea edukitzea, nominak ulergarriagoak izatea, segurtasuna hobetzea edota gaueko zein jaiegunetako plusak ordaintzea eskatzen dute.

IrunBuseko gidariek ere lanuztera deitu dute

Irungo hiribus-zerbitzuko langileek, bestalde, 35 orduko lanaldia betetzea, Kontsumoko Prezioen Indizeari (KPI) egokitutako soldatak izatea eta gidarien segurtasuna bermatzeko neurriak ezartzea nahi dute. Euren eskaera nagusiak dira, beraz, kontratuan sinatutako lanordu kopurua errespetatu dezatela eta soldatak igo daitezela. Izan ere, langileek ohartarazi dute kontratuan islatutakoak baino ordu gehiago egiten dituztela eta, gainera, enpresak ez dizkiela ordu horiek ordaindu.

Bi greba egun egin dituzte jada, aurreko asteburuan zehar, eta beste hamar lanuzte izango dituzte ekainaren 22tik uztailaren 1era bitartean. Langileen esanetan, negoziatzeko mahaiari uko egin diote AUIF enpresak eta hura kontratatu duen Irungo Udalak.

Baionako zamaketariak greban daude, erretreta 60 urterekin izatearen alde

Frantziako Gobernuak erretiro-adina atzeratzeko erreforma jarri zuen martxan duela hiru urte, baina zamaketariak salbuespenetako bat izan ziren. Erreforma onartu baino lehen, 58 urterekin hartzen zuten erretiroa Frantziako Estatu osoko zamaketariek, baina adin hori 60 urtera atzeratu zuen gero gobernuak. Orain, langileek salatu dutenez, erretiroa hartzeko adina 64 urtera luzatzeko asmoa du Frantziako Garraio Ministerioak.

Zamaketariek seinalatu dute beste sektore batzuetako langileek baino "bizi-esperantza" txikiagoa dutela, zazpi eta hamar urte artekoa baita aldea. Beraz, esan dute ez dutela nahi "lan egin eta erretreta izan orduko hil". Portu hila izeneko operazioa jarri zuten martxan, eta hainbat greba egun barne hartu ditu horrek.

Egun osoko greba bat izan zuten ekainaren 14an, eta berriz joko dute grebara 21ean eta 25ean. Lau orduko beste lanuzte batzuk ere iragarri dituzte langileek. Aldarrikatu dutenez, "irabazi arte" egingo dute borroka portuko ia 1.000 beharginek.

EZ DAGO IRUZKINIK