Asteazken honetan, apirilaren 9an, greba mugagabea hasiko dute Trapagarango (Bizkaia) MFS Sintering enpresako langileek. Izan ere, aurrera doa zuzendaritzak fabrika ixteko eta plantillako 107 beharginak kalean uzteko abiatutako prozesua, eta grebara joko dute haiek, kaleratze kolektiboari aurre egiteko.
Konkurtso-administratzaileak urtarrilaren bukaeran jakinarazi zion langile-batzordeari (ELA eta LAB sindikatuek osatutakoa) enplegu-erregulazioko espediente bat ezartzea zela asmoa, likidazioan aurrera eginez. Martxan da jadanik lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia, eta, horren aurka, langileen gehiengoak erabaki du aste honetan greba mugagabeari ekitea.
2023an, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzen saiatu zen enpresako zuzendaritza. Beharginak, ordea, neurriaren kontra mobilizatu ziren eta neurria gelditzea lortu zuten. Automobilgintzako piezak ekoizten dituzte Trapagarango fabrikan.