Arcelor Mittal multinazionalak Legasan (Nafarroa) eta Agurainen (Araba) dituen lantegietako beharginek uztailaren 1ean hasiko dute greba mugagabea, enpresako zuzendaritzak ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Izan ere, ekainaren 23an amaitu zen espedientearen inguruko kontsulta-aldia, eta ez da aldeen arteko akordiorik izan. ELA sindikatuaren esanetan, enpresak ez ditu espedientea aplikatzeko "kausak justifikatu".
Apirilaren bukaeran, Legasan eta Agurainen 40 bat behargin kaleratzeko asmoa erakutsi zuen enpresa-zuzendaritzak, espediente baten bidez; horri lotuta azaldu zuen Agurainera tokialdatu nahi duela Legasako ekoizpena.