AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Economic Times
2024/10/08 16:34

Indian, greban dira Chennai hiriko Samsung Electronics multinazionaleko langileak. Osotara 2.000 behargin dira Hego Koreako enpresaren Chennaiko plantillan, eta horietatik 1.500 inguruk ekin zioten greba mugagabeari irailaren 2an. Langileek lan-baldintza txarrak, ekoizpen-arduradunen presioa eta mehatxuak salatu dituzte, eta ordu estrak egitera behartzen dituzteIa ere azaldu dute. Grebari lotuta, protesta egin dute azken asteetan kalean, eta dozenaka langile atxilotu ditu Poliziak mobilizazioetan.

Bost aste daramatzate greban, baina borrokan jarraitzen dute langileak, grebari eusteko asmoz. Izan ere, Samsungek negoziatzeari uko egin dio, behin eta berriro. Langileen behin-behineko exijentzia nagusiak, besteak beste, hiru dira: India Labour Welfare Union (SILWU) sindikatu berria langileen ordezkari dela onartzea, negoziazio kolektiboa ahalbidetzea eta, azkenik, sindikatu horrek lehentasuna izatea ordezkaritzari dagokionez, beharginen %90 inguru kide dira-eta.

Lan-baldintzak salatu dituzte

SILWU sindikatua, dena den, Centre of Indian Trade Unions (CITU) estatu mailako sindikatuarekin saretuta dago. Bigarren horren esanetan, Samsung Electronicseko langileek lan-baldintza negargarrietan egiten dute lan. Hilean 25.000 rupia (271 euro) besterik ez dituzte jasotzen, eta presiopean aritu behar izaten dira: "Langileek presio handia dute produktu bakoitza amaitzeko, eta hozkailu, garbigailu edo telebista bakoitza amaitzeko 10-15 segundu besterik ez dituzte". Gainera, 4 eta 5 ordu artean egiten dituzte lan jarraian, atsedenik gabe, eta segurtasun neurriak oso eskasak dira.

Mehatxuak eta debekuak 

Langileek grebari eusten dioten bitartean, Samsungeko ekoizpen-arduradunek eta zuzendaritzak langileak mehatxatu dituzte, bai eta euren senideak ere. Antolatu diren langileek "presioa jasan" dutela salatu du CITU sindikatuak eta, gainera, lan-baldintzen hobekuntza eskatu dutenean, langileak zigortu dituztela.

Sindikatuko kideek, adibidez, egin behar izaten dituzten ordu estren aurka jo dute protestara. Zuzendaritza oldartu egin zaie eta, erantzun modura, ordu estra gehiago egitera behartu ditu langileak: egunean 11 orduko lanaldiak ezarri dizkiete, denera.

EZ DAGO IRUZKINIK