AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ESK
2021/02/15 18:03

Gaur ekin diote greba mugagabeari Tubacex enpresaren Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) plantetako langileek. Zuzendaritzak aste hasieran 150 kaleratze iragarri ostean, beharginek ostegunean hasi zituzten mobilizazioak; besteak beste, 24 orduko bi greba eta Laudion manifestazio bat egin dituzte jada. Gaurtik aurrera, ordea, greba mugagabean daude bi lantokietako langileak.

Goizean protesta egin dute Laudioko fabrikaren aurrean eta, Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, han izan dira langileen senideak ere. Pailazoz jantzita egin diete harrera enpresako zuzendaritzako kideei; haiek autobusez sartu dira plantara.

Datozen egunetan ere egingo dituzte protesta ekimenak beharginek. Esaterako, auto karabana bat antolatu dute asteazkenerako, eta mobilizazioak izango dituzte ostegunean nahiz ostiralean, Laudion eta Amurrion, hurrenez hurren.

150 langile haien lanpostuetatik kanporatzeaz gain, zuzendaritzaren asmoa da gainontzekoei aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente berri bat ezartzea, indarrean izango dena martxoaren 29tik irailaren 10era. Aurretik ere enplegu-erregulazioko txostenen eraginpean egon dira.