AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bidasoko Hitza
2022/09/05 19:34

Hondarribiko (Gipuzkoa) udal eraikinetako garbitzaileek irailaren 1ean ekin zioten greba mugagabeari, joan den martxoan hasita, 109 egunez greba egin ostean. Udalak azpikontratatuta dauka garbiketa zerbitzua, eta gaur egun ISS Facility Services enpresa da zerbitzuaz arduratzen dena. Dena den, hitzarmena 2011tik dago berritu gabe, eta udalak ekainaren 14an onartu zuen langileen eskaera: hitzarmena berritu behar zela esan zuen, eta modu horretan abiatu zen negoziaketa.

Enpresak, dena den, oraingoz baztertu egin ditu langileek hitzarmenari dagokionez egindako exijentziak. Beharginen ordezkariak eta enpresako zuzendaritza ekainaren 29an elkartu ziren azkeneko aldiz, baina azkeneko horrek ez zuen hitzarmena berritzeko inolako proposamenik atera mahaira, langileek salatu dutenez. Gainera, elkarrizketak uda ostera atzeratzea erabaki zuen enpresak, ELA sindikatuaren esanetan; bat-batean, ISS Facility Servicesek jakinarazi zuen oporretara zihoala haien negoziatzailea. Hala, bere horretan geratu ziren elkarrizketak, eta ELAk esan du prozesua nahita ari dela luzatzen enpresa, udalak esleitutako lizitazioa izaten jarraitzeko.

Enpresaren "pasibotasuna" salatu dute beharginek, baita udalaren "borondate falta" ere. Izan ere, enpresaren jarreraren aurrean, langileen "greba eskubidea urratzen duten gutxieneko zerbitzuak eskatzera mugatu" da udala. Hilaren 8an izango da hitzarmenari buruz mintzatzeko hurrengo bilera; momentuz, greba mugagabean daude Hondarribiko udal garbitzaileak.

EZ DAGO IRUZKINIK