AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Correo
2024/12/19 09:23

Gasteizko (Araba) suhiltzaileek atzo hasi zuten itxialdia Agirrelandan, hiru egunez luzatzeko asmoarekin, eta datorren astelehenean joko dute bost eguneko greba batera. 115 kide dira osotara, eta asteartean bildu ziren asanbladan: mobilizazioak areagotzeko erabakia hartu zuten. Lan-baldintzetan eta baliabideetan hobekuntzak exijitzeko egingo dute greba, Valentziako DANA zela-eta lanuzteak bertan behera utzi ondoren.

Gasteizko suhiltzaileak ez ezik, Arabako suhiltzaile guztiak ari dira borrokan. Uztailaren 15ean egin zuten hiru asteko greba bat, egiturazko arazoei aurre egitea xede. Izan ere, zortzi urte igaro dira suhiltzaileen lan-hitzarmena iraungi zenetik, eta lan-baldintza hobeak eskatzen dituzte.

Urtebetez mobilizatzen

Suhiltzaileek urtebete daramate mobilizatzen, eta Gasteizen "lan- eta material-baldintzak hobetzea" exijitzen dute besteak beste. Hori ez ezik, "udalaren pasibotasuna eta geldotasuna" kritikatu dituzte, urte luzez zerbitzua kaltetzen ari diren arazoak ez konpontzeagatik. Zentzu horretan, Agirrelandako instalazio zaharkituak berritu ditzala eskatzen diote udalari, 50 urte bete dituzte-eta.

Antza denez, IƱaki Guturbaik, aurreko agintaldiko zinegotziak, instalazioak zabaltzeko asmoz arkitektoak bidaliko zituela hitzeman zuen, baina ez da aurrerapausorik eman. Suhiltzaileek diote "ezinezkoa" dela Agirrelandako instalazioek zerbitzua eman ahal izateko beharrak eta bermeak betetzea, "arriskuen prebentzioari dagokionez" batez ere.

Inposatutako gutxieneko zerbitzuak, lanaldi arrunten pare

Hurrengo lanuzteetan ere zerbitzu "minimo" batzuei erantzun beharko diete langileek: txanda bakoitzeko, hamabost suhiltzailek egon beharko dute lanean greban zehar. Baina ez dago ia alderik lanaldi arrunt batekin konparatuta: hamasei izaten dira txanda bakoitzean, normalki.

Suhiltzaileek etenik gabe salatu dute langile falta zerbitzuan: "Egun askotan, greba-egunetarako hitzartutakoa baino are langile gutxiago dago lanean". Batzuetan ez dago gutxieneko kopurua betetzeko langile nahikoa ere, eta lan-arriskuen prebentzioari begira, ez dago deskontaminazio-prozesuez arduratu daitekeen beharginik. Lan horiek bete ahal izateko, txanda bakoitzean bi langile gehiagok egon beharko lukete.

EZ DAGO IRUZKINIK