Aste honetan bigarrenez egin dute greba gaur Bizkaibus enpresako Txorierriko langileek eta, astelehenean bezala, lan-hitzarmen berria aldarrikatzera atera dira kalera gidariak. Antza, ordainsariaren igoeraren aldarrikapenak arrakasta izan du negoziazioetan, baina, soldata-igoera ez ezik, lan-baldintzen bestelako hobekuntzak ere eskatzen dituzte langileek.
Hala, atseden-tarteak luzatzea edota soldaten parekotasuna exijitzen dituzte gidariek, besteak beste. Azaldu dutenez, Vectalia Txorierri da Bizkaibusekin loturiko enpresa emakidadunen artean hitzarmen berria onartu ez duen enpresa bakarra.
Bestalde, Bizkaiko AP-8 autobidean aritzen diren langileak ere greban daude; Gesbisa enpresa emkidadunarentzat egiten dute lan. Greba egin dute gaur, Txorierriko gidariek bezala, lan-itun berria eskuratzeko. Arratsaldeko 14:00etatik gaueko 22:00etara arte luzatuko dute lanuztea.
Hamazazpi hilabete igaro dira negoziazioak hasi zirenetik, langileek salatu dutenez, enpresak "negoziazioa luzatzeko interesa" baitu. Interbiak foru sozietate publikoaren "konplizitatea" ere seinalatu dute.