Tubacexeko zuzendaritzak eta
langile
batzordearen gehiengoak akordioa
sinatu dute astelehen honetan. ELA, CCOO eta ATAL sindikatuak
Bilbon (Bizkaia)
elkartu dira patronalarekin,
eta horren ostean eman diote amaiera joan den otsailetik Laudioko (Araba)
TTI eta Amurrioko (Araba) Aceralava lantegietan zeramaten
greba mugagabeari.
Batzordearen gehiengoak astelehenean iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak bitartekari lanak eginda mahaira ateratako azkeneko ituna onartzea erabaki du. Akordioa langile guztien batzar bateraturik egin gabe berretsi da. LABek eta STATek ez dute erabakiarekin bat egin; bigarrengoaren kasuan, gainera, afiliatuen eta ordezkaritzaren arteko desadostasunak izan dira.
Letra txikia
Enplegu-erregulazioko espedientearen bidez kaleratu nahi zituen 129 langileak berriro onartu ditu enpresak, baina akordioan langileen aurkako beste hainbat neurri eman dituzte ontzat. Langileek 40 lan-ordu gehiago egin beharko dituzte urtean, 2025. urtera arte izoztuta izango dute soldata, eta langileen erretiroetarako Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeari (BGAE) egiten zaion ekarpena %4tik %1era jaitsiko da.