AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/06 09:58

Joan den astelehenean, ibilgailu bat Mannheimeko (Alemania) Paradeplatz oinezkoentzako gunean sartu zen, pertsona talde bat harrapatuz. Bi hildako eta 11 zauritu izan ziren erasoaren ondorioz, horietako bost larri. Alexander Scheuermann da erasotzailea, Renania-Palatinatuko 40 urteko alemaniar bat, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen atentatuaren ostean.

Erasotzaileak zuriak direnean ohikoa den bezala, agintaritzek berehala esan dute ez dagoela "motibazio politiko, estremista edo erlijiosoen zantzurik", nahiz eta baieztapen horiek ikerketa luzeago baten ondoren mantendu beharko liratekeen. Kasu honetan, gainera, atentatuaren egileak "gaixotasun mentalak" dituela ziurtatu dute. Hala ere, Romeo Schüssler fiskalak gogorarazi duenez, Scheuermannek aurrekari penalak ditu: 2008. eta 2018. urteen artean gorrotoa bultzatzea leporatu zioten, adierazpen faxista batzuen ondorioz. Hori dela eta, zalantzan da bertsio ofiziala, supremazista zuri bat edo neonazi bat izan daitekeela uste baitute.

Astelehenean gertatutakoa Alemanian izan diren antzeko beste gertakari batzuei gehitu behar zaie, hala nola, otsailean Munichen izandako harrapaketa eta abenduan Magdeburgon jazotako erasoa. Horrek areagotu egin du eskuin muturrak herrialdean duen eragina, segurtasunari buruzko eztabaidan esaterako. Azken hauteskundeetan, Friedrich Merzen alderdi kontserbadoreak lortu zuen garaipena, eta AfD ultraeskuindarrak bigarren postua eskuratu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK