AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: La Verdad
2022/06/02 10:25

Espainiako Estatuan, gobernuak apirilaren 1ean martxan jarritako deskontua irentsi du jada gasolinaren prezioen igoerak. Litroko, 20 zentimokoa da gobernuak emandako dirulaguntza, baina deskontu hori ezarri zenetik, garestitu egin da gasolinaren kostua: apirileko aurreneko astean, batez beste, 1,834 euro ordaindu behar zen litroa; aste honetan, baina, maximo historiko berri bat gainditu eta 1,968 euroan kokatu da litro bakoitzaren batez besteko prezioa. Hortaz, gobernuak ezarritako 20 zentimoko deskontuaren %75 jan du jada prezioen igoerak.

Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, gainera, maiatzean goranzko erritmoa hartu du berriz inflazioak, datu aurreratuen arabera, %8,7koa izan baita hilabete horretan. Elikagaien eta erregaien prezioek eragin dute igoera hori, antza. Azken urtean, %48 garestitu da gasolina litroaren kostua, eta %56,5 dieselarena.

Maiatz hasieran jakinarazi zuten Repsol enpresak, esaterako, irabaziak bikoiztu dituela erregaien prezioen igoerari esker. Repsolen administrazio kontseiluak aitortu zuen "mesede" egin diela Espainiako Gobernuak ezarritako deskontuak.

Berez, gobernuak hiru hilabeterako jarri zuen martxan 20 zentimoko deskontua; hau da, ekainaren 30era arte. Dena den, Pedro Sanchez presidenteak esan du beste hiru hilabeterako luzatuko dutela neurria.

EZ DAGO IRUZKINIK