AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/18 09:38

Goierriko Kontseilu Sozialistak atzo gauean azaldu zuen eskualdeko Zentro Sozialista legez kanpo husten saiatu zela Ertzaintza. Arratsaldean bertaratu ziren hainbat ertzain Beasaingo (Gipuzkoa) Langile Kontrolpeko Espaziora, inolako agindu judizialik gabe. Zentrora legez kontra sartu eta miaketa bat egiteaz gain, barruan zeuden zortzi pertsona identifikatu zituzten poliziek.

Badirudi martxan dela Zentro Sozialistaren kontrako prozedura judiziala. Oraingoz, baina, ez daukate horren inguruko xehetasunik Kontseilu Sozialistako kideek.

Zentro Sozialistak, langileok antolatzeko

Aurtengo martxoan jakinarazi zuten Zentro Sozialista bat ireki zutela Goierrin, lehen Erka Material Elektrikoak enpresak erabiltzen zuen lokal batean. Urteak daramatza hutsik espazioak, eta hura birjabetzea eta Zentro Sozialista bilakatzea erabaki zuen Kontseilu Sozialistak.

"Langile klasearen aurkako ofentsiba bizi dugun honetan, proletalgoaren autodefentsarako tresna gehiago sortu eta indartu nahi ditugu Zentro Sozialistaren bidez", adierazi zuten martxoan Kontseilu Sozialistako kideek. Gaur egun, esaterako, bulego bat daukate bertan Goierriko Laneko Autodefentsa Sareak eta Etxebizitza Sindikatuak, soldatapeko lanari eta etxebizitzari lotutako babes eta aholkularitza emateko. Babes Bulego bat ireki du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ere, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko.

Bestalde, Mugimendu Sozialistak, orokorrean, formakuntza politikoa sustatzeko eta aisialdiko ekimenak antolatzen ditu bertan, martxoan iragarri zuten modura. "Proletalgoak antolakuntza gaitasuna irabaztea eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzea da Zentro Sozialistaren xedea", laburbildu zuen joan den martxoan Kontseilu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK