AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostia. ARGAZKIA / Rubén Plaza/Noticias de Gipuzkoa
2023/09/15 10:31

Salerosketarako etxeen eta alokairuen prezioei buruzko ikerketa bat argitaratu du aste honetan Idealista atariak, Espainiako Estatuko datuei erreparatuta. Salerosketari dagokionez, garestienen zerrendako gailurrean dago Donostia (Gipuzkoa), abuztuan puntu gorenera heldu baitziren bertako prezioak: 5.326 €/m², batez beste.

Duela urtebeteko prezioekin alderatuta, gaur egun %3,6 garestiagoa da etxebizitza Gipuzkoako hiriburuan. Bartzelonak (4.141 €/m²) eta Madrilek (4.015 €/m²) jarraitzen diote atzetik Donostiari, Top3 zerrendan.

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere ikaragarriak dira salerosketarako prezioak, ordea: Espainiako Estatuko Top10 zerrendan daude denak. Bilbon (Bizkaia) 3.164 €/m² da batez besteko prezioa, Iruñean (Nafarroa) 2.682 €/m² eta Gasteizen 2.535 €/m². Bizkaiko hiriburuan, hortaz, urtebetean %2,9 igo dira etxebizitzaren prezioak; %1,9 Iruñean, eta %2,6 Gasteizen.

Hego Euskal Herriko lau probintziak daude, gainera, garestienen artean: Gipuzkoan batez beste 3.490 €/m² da prezioa, Bizkaian 2.738 €/m², Araban 2.266 €/m² eta Nafarroan 1.663 €/m².

Alokairua ere gora

Eta garestitze hori ez da salerosketarako prezioetan soilik ikusten. Alokairuak ere nabarmen egiten du gora urtez urte, azken datuek erakusten dutenez. Donostiakoa da adibiderik garbiena: joan den abuztuan 17 €/m²-ra heldu zen batez besteko alokairua, duela urtebete baino %11,4 gehiago. Alokairuei dagokienez ere Espainiako Estatuko garestienen artean dago Gipuzkoako hiriburua, hirugarren postuan, Bartzelonaren (19,4 €/m²) eta Madrilen (17,4 €/m²) atzetik.

Bosgarren postuan dago Bilbo (13,1 €/m²), eta oso gertutik jarraitzen diote Getxok (Bizkaia) eta Leioak (Bizkaia), 12,4 €/m²-ko eta 11,4 €/m²-ko batez bestekoekin, hurrenez hurren. Gasteiz eta Iruñea ere maximo historikoetara heldu dira alokairuan: 11,1 €/m² aurrenekoan eta 10,4 €/m² bigarrenean (ekainean hautsitako marka historikoa berdinduz, Iruñearen kasuan).

Probintzia mailako datuak aztertuz gero, argi dago marka historiko guztiak ari direla gainditzen: batez beste 15,1 €/m² Gipuzkoan, 12,6 €/m² Bizkaian, 10,9 €/m² Araban eta 9,7 €/m² Nafarroan. Hurrenez hurren, hortaz, urtebetean %9 garestitu da alokairua Gipuzkoan, %5 Bizkaian, %5,7 Araban eta %2,7 Nafarroan.

Espainiako Estatu mailan, batez beste, 12 €/m2-ra heldu da hilabeteko alokairuaren prezioa, historian lehenengo aldiz. Duela urtebete baino %9,5 gehiago da hori.

EZ DAGO IRUZKINIK