Gazara bidean da Global Sumud Flotilla. Igandean Bartzelonako portutik irten eta denboralea zela-eta atzera egin ondoren, berriz ere abiatu dira Gazarantz hogei ontziak; nahiz eta, eguraldiaren ondorioz, Bartzelonara itzuli behar izan duten horietatik bostek. Gainerako hamabost itsasontziak itsasoan dira dagoeneko, gazatarrentzako korridore humanitario bat irekitzeko prest. Hori ikusirik, flotillaren aurkako mehatxuak biziagotu ditu Israelgo Estatuak.
Segurtasun ministro Itamar Ben Gvirrek berriki proposatu dio gobernuari Global Sumud Flotilla "terroristatzat" hartzeko, "mugak babestearen eta segurtasun nazionala bermatzearen" aitzakiapean. Gogor hitz egin du gaiazĀ The Jerusalem Post egunkarian, esan baitu ez duela flotillako kideen "atxiloketa bigunik" onartuko. El Salto-k jaso duenez, horrekin, agintari sionistak iradoki du segurtasun goreneko espetxeetara eramango dituztela atxilotuak: "Ez dugu baimenduko terrorismoa babesten dutenak erosotasunez bizitzea". Mehatxu egin die, hala, euren "ekintzen ondorio guztiak" jasan ditzaten.
"Hamasekin elkarlanean aritzea eta terrorismoa babestea aukeratzen duen edonork erantzun irmoa jasoko du Israelen aldetik", adierazi du Ben Gvirrek. Horrekin batera, mahaira atera du flotillako ontzi guztiak lapurtzeko eta armada sionistak horiek bere intereserako erabiltzeko aukera.
Saif Abukeshekek, flotillako bozeramaileak, ohartarazi du Israelgo Estatuak "palestinar guztiei ematen diela terroristen kategoria", haiekin egin bezala. "Egin nahi dituzten krimenak justifikatzeko erabiltzen dute politika hori", gaineratu du.