Errauts-partikulen isurketa arautzeko jarrita dauden mugak etenik gabe urratu ditu Glefaran enpresak, Bizkaikoko Ingurumen-Fiskaltzaren txosten baten arabera. Enpresak Balmasedan (Bizkaia) izan zuen biomasa-lantegi bat, eta 2016. eta 2023. urteen artean egon zen martxan. Erraustegi horren isurketek Gueñesko (Bizkaia) eta Zallako (Bizkaia) biztanleak kaltetu zituela ohartarazi izan dute, eta, aipatutako txostenaren esanetan, "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen.
Elektrizitatea ekoizten zuen Glefaran (Global Efficiency Aranguren) enpresak, baso-lehengaiak erretzearen bitartez. Enkarterriko planta kokatzen zen tokitik gertu daude Aranguren eta Arangoiti auzoak, eta bertan bizi dira 15.000 pertsona inguru.
Arangurenen paper-fabrika bat egon zen lehen, eta bertako kogenerazio-plantaren azpiegitura probestuz eraiki zuten gero erraustegia, 2016an. Ekologistak Martxan kolektiboak erraustegiaren isurketa arriskutsua zela salatu zuen 2020an, "partikulen isurketa" handia zen-eta. Esan zuen erraustegiak maiz askatzen zituela "hauts hodeiak", kedarrarekin eta errautsekin batera.
Zorroztasunik gabeko txostenak
Erraustegiaren isurketei eta horri lotutako osasun-kalteei buruzko hainbat txosten egin dituzte azken urteetan: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2017an eta 2019an, Osasun Sailak 2018an, eta Gueñesko zein Zallako udalek 2019an. Baina, Ekologistak Martxanek salatu izan duenez, txosten horiek ez daukate inolako "zorroztasunik", eta "urriak" dira "metodologiari eta gardentasunari dagokionez". Hala, idatzi horiek ez dute gaitasunik ematen, besteak beste, Glefaran enpresaren erraustegiak isuritako substantzia kutsatzaileen osasun-kalteak idenfitikatu ahal izateko.
Lau urte igaro dira zonaldeko bizilagunek eta kolektibo ekologistek Gueñes eta Zalla herrietako kutsadura-maila altuak salatu zituztenetik. 2023an itxi zuten Balmasedako erraustegia, eta ordutik eman dituzte ezagutzera hark sortutako kalteak. Bizkaiko Ingurumen-Fiskaltzak ondorioztatu du ingurugiroaren aurkako delituak egon daitezkeela erraustegiaren jardunari lotuta, eta Eusko Jaurlaritzako lau kargudun ohi eta Glefarango administratzaile bat inputatu ditu.