Gero eta gutxiago geratzen da Gazte Koordinadora Sozialistak "enpresarien eta agintarien erasoaldia" salatzeko antolatu dituen mobilizazioetarako: urtarrilaren 28an, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) izango dira manifestazioak, 18:00etan hasita. Euskal Herri osoan zehar ikus daitezke mobilizazio horietara deitzeko mezuak, eta Iruñeko Sadar futbol-zelaian ere presente izan zen deialdia aurreko asteburuan: Osasunaren partidan pankarta bat zabaldu zuten Hego Harmailan, U28 Gazte langileok Iruñera borrokara leloarekin.
Ondoren, eta pankarta hori aitzakiatzat hartuta, agindu bat eman zuen Espainiako Poliziako koordinatzaileak: beste pankarta eta ikur batzuk kentzea. Besteak beste, bi ikurrina eta Nafarroako bandera bat erretiratu zituzten harmailetatik agenteek. Tentsio-une batzuen ostean, aldarriak berriz jartzen utzi zuten. Osasunako zuzendaritzak barne-ikerketa bat jarri omen du martxan, gertatutakoa eta aldarriak kendu izana ikertzeko.
Zorrotz kontrolatzen dituzte futbol-zelaietako animazio-harmailak Espainiako Estatuan ere; esaterako, harmailetan dauden pertsonak kontrolatzeko detektagailuak dituzte martxan Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Betis edo Valentzia taldeen zelaietan. Ertzaintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere neurri berdina ezar zezatela eskatu zuen iaz.