Ia bi urte igaro dira COVID-19 birusa hedatzen hasi zenetik, eta seigarren olatua delakoaren harira, gobernu desberdinek neurri murriztaile berriak jarri dituzte mahai gainean, beste behin. Espainiako Gobernuak, esaterako, aste honetan bertan jakinarazi du aire zabalean ere derrigorrezkoa izango dela maskara erabiltzea, eta militarrak mobilizatuko dituela txertaketa prozesuan parte har dezaten. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, eremu gehiagotara hedatu du Covid ziurtagiriaren derrigortasuna; Europako Batzordeak, gainera, aste honetan jakinarazi du iraungitze-data izango dutela ziurtagiriek, txerto dosi gehigarriak hartu ezean.
Nahasmen horren guztiaren erdian deitu du protestara Gazte Koordinadora Sozialistak, "enpresari handiek eta politikari profesionalek pandemiari eman dioten erantzun autoritarioa" salatzeko, eta horri aurre egiteko deia kaleratzeko. Gaur egingo ditu kontzentrazioak GKSk, zortzi herritan: Gasteizen (Araba), Bilbon (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa).
Autoritarismoaren normalizazioa
Hiru puntu nagusi azpimarratu ditu GKSk mobilizazio deialdi horiek egitean:
"Gero eta nabarmenagoa da enpresari handiek eta politikari profesionalek ezarri duten autoritarismoa: kontrol soziala areagotu da, poliziaren presentzia inoiz baino handiagoa da eta eskubideen urraketak normalizatu egin dira", salatu du GKSk. "Gainera, izurritea berriro ere kontrolpetik kanpo dago eta agintariek ez dituzte hobetu osasun baliabideak. Bien bitartean, zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek", gaineratu du.
Masa zabalen bizi kalitateak, gainera, azken bi urteetan "nabarmen" egin duela behera azaldu du: "Ziurgabetasuna, osasun hondamendia eta oinarrizkotzat genituen eskubideen urraketak eguneroko bizitzaren parte bilakatu dira. Egoera hau geratzeko etorri da, baldin eta ez badiogu aurre egiten".
Pobrezia gehiago, eskubide gutxiago
"Orain Covid ziurtagiria, gero neurri murriztaileak, ondoren Europar Funtsak eta lan-erreforma; eta pixkanaka-pixkanaka elite ekonomiko eta politikoen totalitarismoa ezartzen doaz", seinalatu dute GKSko kideek: "Bizitzen ari garen egoera honela laburbildu genezake: gero eta pobrezia gehiago eta eskubide gutxiago".
Horren guztiaren atzean ezkutatzen dena, hain justu, burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa dela adierazi dute. "Gainera, ezkerreko deitura duten alderdi politikoen babesarekin ari dira egoera hau normalizatzen", diote.
Gaurko deialdiak
Hona hemen GKSk gaurko egindako mobilizazio deialdiak: