AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Wikimedia Commons
2022/09/18 11:51

Ekoizpen indarren garapenaren geldialdia sumatzen da mundu osoan. Horren erakusle, Giza Garapenaren Indizea (GGI) 1990. urtetik lehen aldiz bi urtez jarraian jaitsi izana. Joera beherakorraren ondorioz, indizea 2016ko balioetara  itzuli da. GGI-ak bizi-kalitatea eta ongizate maila aztertzen ditu neurgailu estatistikoen bidez. Horien artean, bizi-itxaropenaren, hezkuntza kalitatearen, norbere segurtasun- eta osasun- pertzepzioen, diru-sarreren eta bizitza-kostuen aldagaiak hartzen dira kontuan.

GGI-aren atzerakadaren kausak azaltzeko, Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) administratzaile den Achim Steinerrek aurkeztu ditu GGIaren datuak, eta askotariko aldagaiak azpimarratu ditu bertan. Haren iritziz, COVIDaren inpaktuak, klima-aldaketak eta gatazka geopolitikoek "historian aurrekaririk ez duen ziurgabetasun-testuingurua" sortu dute. Ondorioz, negatiboki eragin du biztanleriak bere segurtasunaren inguruan duen irudian. Bestalde, inflazioak izan duen eragina "oso larria" izan dela azpimaratu du, bizi kalitatean zuzenean eragin duen aldagai garrantzitsua dela azpimarratuz.

Herrialde txiroenak, kolpatuenak

Giza garapenaren atzerakada ia unibertsala izan den arren, ez kaltea ez berreskuratzeko gaitasuna ez dira alderagarriak erdigune inperialistako estatu indartsuenen eta herrialde semi-periferiko zein periferikoen artean. Azken horietan sortutako gerrek 1.200 milioi pertsonei eragin diete. Pandemiak sortutako kalteak ere arrunt gogorragoak izan dira pobreziak gehien kolpatutako herrialdeetan, eta txertatze kanpainetan ere alde nabarmenak egon dira. Datuen arabera, aberastasun gehien metatzen duten herrialdeetako populazioaren %72ak gutxienez txertoaren dosi bat jaso du; gutxien metatu duten herrialdeetako populazioa, berriz, %21ak soilik.

Herrialdeen GGIaren araberako sailkapenari erreparatuta, Sahara-azpiko Afrika planetako eskualderik zigortuena izan da. Garapen urriena izan duten 10 herrialdeetatik, bederatzi zonalde geografiko horretakoak izan baitira —Hego Sudan, Txad, Niger, Afrika Erdiko Errepublika, Burundi, Mali, Mozambike, Burkina Faso eta Ginea—. Zerrendan izan diren jaitsiera handienak (2015 eta 2021 bitartean) Venezuela (-41) eta Libano (-21) izan dira. Goialdean, berriz, Suitza, Norvegia, Islandia, Hong Kong eta Australia aurkitzen dira.

Demokrazia burgesak, ahultzen

GGIaren datuen esangura azaltzerakoan, Steinerrek "herrialdeen arteko eta herrialdeen barneko polarizazioaren  gorakada" nabarmendu du. "Demokrazia estualdian dago", ondorioztatu du. Giza Garapenaren Indizeak jaso duenez, gaur egungo populazioaren erdiak ez du hobekuntzarik nabari bere bizi-mailan, gurasoenarekin alderatuta. Eta gurasoek baino hezkuntza maila altuagoa lortu dutenen %40k ez du uste hobeto daudenik. Amaitzeko, "okerreko norabidea” aldatu ezean, atsekabea, frustrazioa, segurtasunik eza eta mesfidantza okerrera joango direla baieztatu du, batez ere gazteen artean.



EZ DAGO IRUZKINIK