AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Correo
2023/10/31 10:42

Duela bost urte, 2018ko maiatzean, Getxon (Bizkaia) atxilotu zuten Silvia izeneko emakume bat, boliviarra jatorriz. Supermerkatu batean, Ertzaintza etxerik gabeko pertsona bati tratu txarrak ematen ari zela ikusi zuen Silviak, eta hura babesten saiatu zen Poliziaren aurrean. Ertzainek, baina, bultza egin zioten eta iraindu egin zuten, "Joan zaitez zure herrialdera. Joan zaitez popatik hartzera" esanez, besteak beste. Horren ondoren, atxilo eraman zuten emakumea, Getxon daukaten polizia-etxeko ziegetara.

Atxiloaldian, Silviak tratu txarrak jasan zituen Ertzaintzaren partetik, polizietako batek hainbatetan kolpatu baitzuen kalabozoan; bost aldiz gutxienez. Bideo honetan ikus daiteke erasoa gertatu zen unea.

Gero, mediku batek ikus zezala eskatu zuen Silviak, eta txostenak argi jasotzen du hainbat ukabilkada eman zizkiola ertzainetako batek. Dena den, erabat faltsututako atestatu bat aurkeztu zuten polizia-agenteek (ondoren atzera egin behar izan zuten hainbat puntutan, argitaratu zen bideoak euren kontakizuna gezurtatzen baitzuen), eta biktimatzat jo zuten euren burua. Silviak salaketa bat aurkeztu zuen arren, ertzainek ere jarri zuten bere aurkako salaketa bat.

Prozesu judizialean Silviaren kontrako akusazio modura aurkeztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Ikaragarrizko zigorra eskatu dute beretzat, Poliziari eraso egitea, lesioak eragitea eta erresistentzia leporatuta: zazpi urteko espetxe-zigorra eta 6.000 euroko zigor ekonomikoa, "erantzukizun zibilagatik". Urriaren 4an eta 5ean hasi ziren Silvia epaitzen, Bilbon (Bizkaia).

Orain, berriz eseriarazi dute epaileek. Atzo eta gaur, urriaren 30ean eta 31n, gertatutakoa epaitzen ari dira Bilboko epaitegian; Silviaren kontrako akusazioa eta zigor eskaerak mantentzen ditu Jaurlaritzak. Urriaren hasieran egin bezala, hainbat pertsona bertaratu dira epaitegira bi egunetan, Silviari babesa emateko.

EZ DAGO IRUZKINIK