AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2024/05/28 16:51

Palestinako Estatua "aitortzeko" itxurak egiten jarraitzen duen bitartean, Espainiako Estatuak han-hemenka jarraitzen du sarraskiak ahalbidetzen eta gerra-testuingurua larriagotzen: bai Palestinan bertan, Israelgo Estatu genozidari arma-esportazio izugarriak eginda; bai Ukrainako gerran, Volodimir Zelenskiren gobernuari laguntza militarra mantenduta eta areagotuta. Azken horren erakusle izan da, hain zuzen ere, presidente ukrainarrak egindako azken bisita.

Atzo goizean elkartu ziren bi presidenteak Moncloan, sortzen ari diren "aldebiko segurtasun-akordioa" zarratzeko. Hitzarmena sinatu zuten Pedro Sanchezek eta Zelenskik, eta, horren bidez, Ukrainarekiko bere konpromisoa berretsi zuen Espainiako Estatuak.

Laguntza militarra ematen eta, zehazki, armak bidaltzen jarraituko duela hitzeman zuen "historiako gobernurik aurrerakoienak". 1.000 milioi euroko balioa izango duen laguntza berri bat emango dio Ukrainari, "babes militarrerako". 2024. urtean zehar jasoko ditu baliabide horiek Ukrainak.

Itxura denez, hamar urteko iraupena izango du bi estatuek sinatu berri duten "segurtasun-akordioak". Dena den, ez dute argitu ea zer konpromiso zehatz izango diren urte bakoitzean, eta ea laguntza berdina izango den beti; adibidez, armak erosteko dirua emateari dagokionez.

300 milioi euro gerrarako

Aipatutako azken laguntzaz gain, nazioz gaindiko konpromisoen barruan, gerrarako diru-laguntza gehiago emango dizkio Ukrainari PSOE buru duen gobernuak. Europar Batasunera bideratutako finantziazioaren barruan, esaterako, 11.1000 milioi euro izango dira Ukrainaren "segurtasun- eta defentsa-indarrak" babesteko. Bestalde, Ukrainari Laguntzeko nazioarteko Funtsari ere egingo dio ekarpena Espainiako Gobernuak: 2024-2027 aldian, beste 5.000 milioi euroko laguntza bat emango dio funts horren bidez.

2022ko otsailean Ukrainako gerrak leher egin zuenetik, ehunka milioika euro eman dizkio Zelenskiren gobernuari Espainiako Estatuak: gutxienez 300 milioi euro izan dira.

Ukrainari ekipamendu militarra bermatuko diola ere agindu du Sanchezek (oraingoz, Patriot misilak eta Leopard tankeak emango omen dizkio), eta promes egin du militar ukrainarrak trebatuko dituztela Espainiako Estatuan, borroka "indibidualerako eta kolektiborako". Ukrainako presidenteak dio "kide fidagarria" dela Espainiako Gobernua.

EZ DAGO IRUZKINIK