Zarauzko (Gipuzkoa) Hiruputzu Gaztetxean "eraso" bat jasan zuela esan zuen PSE-EEko zinegotzi batek azaroaren 16an, baina gertakariak argitu zituzten segituan Gaztetxeko kideek. Atzo ere azpimarratu zuten: "Akusazio ugari entzun dira [...]. Bi gazte horiek eraso egin ziotela PSE-EEko zinegotziari, jazarri egin zutela… Baina [...] kargu publiko bat duen politikari profesional bati kritika politikoa egitea eta erantzukizun politikoak eskatzea, ez da eraso bat".
"Ez da eraso bat, hainbeste urtez Gaztetxeak desalojatu dituzten gobernuen parte izan den alderdi bateko kargudun bati kritika egitea; ez da eraso bat, okupazioaren kontrako legeak ezartzen ari den alderdi bateko kargudun bati kritika egitea; ez da eraso bat, etxegabetzeak ahalbidetzen dituen alderdi bateko kargudun bati kritika egitea; ez da eraso bat, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxea desalojo arriskuan zegoenean, Gaztetxearen kontrako kanpainarik aktiboena egin zuen alderdiko bozeramaileari kritika egitea. Zer eta Gaztetxera etorri denean", gaineratu zuten Hiruputzuko kideek.
Atzo, abenduaren 4an, manifestazio jendetsu bat egin zuten udaletxe aurretik hasita. Berriz salatu zuten PSE-EEko zinegotziak, udaleko alderdi politiko guztiek eta komunikabideek azaroaren 16an gertatutakoari buruz zabaldutako "kontakizun desitxuratua": izan ere, gaitzetsi zuten bai Gaztetxea bai zinegotziarengana hurbildu ziren bi pertsonak jopuntuan jarri dituztela.
Kritika politikoa egiteko eskubidearen alde, militatzeko baldintzen defentsan
"Gazteok neutral, pasibo eta isilik nahi gaituzte. Baina, horren aurrean, kritika politikoa egiteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu", azaldu zuten atzo Hiruputzuko kideek. Are gehiago: nabarmendu zuten horretarako balio behar dutela Gaztetxeek; "gazteon kritikotasuna lantzeko, gazteon politizazioa ahalbidetzeko, gazteok elkartzeko eta elkarrekin antolatzeko".
Larritzat jo zuten, gainera, zinegotziak eta bere alderdikideek komisariara eraman nahi izana Gaztetxean gertatutakoa, salaketa polizial bat jarri baitute. "Une honetan, ikerketapean daude seinalatutako bi pertsonak, gorroto-larrigarri batekin", jakinarazi zuten atzo: "Larria da argudio politikoetan oinarritutako eztabaida bat komisariara eramatea, eta epaitegietara iristeko aukera irekitzea". Hori dela-eta, argi eta garbi exijitu zioten zinegotziari atzera bota dezala salaketa.
Hiruputzu: borroka luze baten emaitza
"Orain arte bezala, Gaztetxeko ateak irekita daude bertan euren ekarpena egin nahi dutenentzat eta bertako egitarauez gozatu nahi dutenentzat. Hori erakusten dute Gaztetxean martxan dauden proiektuek eta bertan antolatzen diren egitarau zabalek", aldarrikatu zuten bertako kideek: "Baina ez dezagun ahaztu Gaztetxea ez dela espazio neutral edo huts bat, eta gutxieneko oinarri bat iruditzen zaigu Gaztetxearekiko errespetua izatea".
Hortaz, esan zuten lanean jarraituko dutela espazioa indartzeko, "urte luzez hainbeste pertsonak eta kolektibok egin duten moduan". Eta udal-taldeek azken asteetan egindako akusazioei erreferentzia eginez, gogorarazi zuten Gaztetxeak "zutik" eta martxan jarraitzen badu "lan eta borroka horri esker" dela, "eta ez alderdi edo politikari jakin batzuek ezer oparitu digutelako".
Babesa Gaztetxeen alde borrokan ari direnei
Zarautzen, bestalde, oso presente izan zituzten atzo Euskal Herri osoan zehar Gaztetxeen alde borrokan ari diren guztiak. Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxeko kideak, Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxekoak, Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera asanbladakoak eta abar izan zituzten gogoan.