Joan den azaroaren 16an Zarauzko (Gipuzkoa) Hiruputzu Gaztetxean "eraso" ziotela salatu du PSE-EEko bozeramaile batek. Bere alderdikideek, Zarauzko udal-talde guztiek eta komunikabideek gertatutakoa "desitxuratu" dutela gaitzetsi dute Gaztetxeko kideek, eta "eraso" batetik edo "jazarpen" batetik "oso urruti" dagoela egun horretan benetan jazotakoa.
Izan ere, bi gazte hurbildu ziren PSE-EEko zinegotziarengana, esatera Gaztetxean ez daukala "zereginik" eta hura ez dela "bere lekua"; beste argudio batzuen artean, aintzat hartuta alderdi hori izan zela "Gaztetxearen kontrako kanpaina intoxikatzailerik aktiboena" egin zuena duela lau urte eskas. Une horretan, eraitsia izateko arriskuan zegoen aurreko Gaztetxea, Putzuzulo, eta bertako kideak Gaztetxea beste eraikin batera tokialdatzeko borrokan ari ziren.
"[Zinegotziari] Eman zitzaizkion argudioak politikoak izan ziren, ez pertsonalak", argitu dute Hiruputzuko kideek. "Gertakariei buruzko kontakizun desitxuratu eta aldebakar bat zabaldu dute politikariek, udal-taldeek eta komunikabideek, eta, horrekin, fokua Gaztetxearen eta bertako bi kideren gainean jarri dute", jakinarazi dute. Hala, bi pertsona horien aurkako salaketa polizial bat jarri du PSE-EEko zinegotziak, eta ikerketapean daude bi gazteak, gorroto-larrigarri batekin.
Gaztetxearen aldarriak
Lehenik eta behin, "PSE-EEko zinegotziaren jarrera" salatu du Hiruputzuk: "Kargu eta ardura publiko bat dituen heinean, kritikak eta erantzunak jasotzeko prest egon beharko lukeela uste dugu, bai Gaztetxearen auziari buruz, bai beste edozein auziri buruz. Are gehiago, kontuan hartuta bere alderdiak Gaztetxearen kontrako jarrera aktiboa izan duela urte luzez". Gaztetxeko kideek azpimarratu dute "oso gauza ezberdinak" direla "kritika politiko irmoak jasotzea eta eraso bat jasatea".
Seinalatu dute, bestalde, zinegotziak eta bere alderdikideek "euren botere-posizioa erabili" dutela "Gaztetxearen eta bi pertsonaren aurka egiteko": "Instituzioetan egoteak ematen dizkieten abantailak erabili dituzte, bai Gaztetxea bai bi pertsona horiek seinalatzeko". Horretarako, "komunikabideetan eta sareetan errelato manipulatu bat zabaldu" dute, eta "Gaztetxean gertatutakoa komisarian salatu" dute.
Horrekin guztiarekin, "argudio politikoetan oinarritutako eztabaida bat hedabideetara eta komisariara eraman dituzte, epaitegietara iristeari ere bide eginez", Gaztetxeko kideen esanetan. Exijentzia argi bat egin dute, beraz: "Salaketa poliziala bertan behera utz dezatela eskatzen dugu".
Protesta asteazken honetan
Mobilizatzeko deia egin du Hiruputzuk, "Gaztetxearen alde, kritika politikoa egiteko askatasunaren alde eta militantziarako baldintzen alde". Zehaztapen bat egin du gainera: "Zarauzko Gaztetxeak zabalik eta martxan jarraitzen badu, ez da udaleko alderdiek edo politikariek eskuzabaltasunez espazio bat eman izanagatik, baizik eta urte luzez herriko hainbeste kidek eta kolektibok Gaztetxea bezalako espazio baten alde egindako lanari eta borrokari esker". Eta "hura mantentzeko eta indartzeko", ezinbestekotzat jo du "borrokan segitzea eta mobilizatzea".
Asteazken honetarako, abenduaren 4rako, protesta bat antolatu dute Hiruputzuko kideek. 19:00etan izango da, udaletxe aurrean. Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanblada ugari ari dira babesa adierazten eta euren atxikimendua ematen, deialdia indartzeari begira. Atxikimendua eman nahi dutenek, Hiruputzuren sare sozialetara mezu bat bidaltzeko aukera dute.