AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/06 21:13

Durangok (Bizkaia) ere badu Gaztetxe bat. Duela urtebete inguru jarri zuten martxan Kaletik Gaztetxera dinamika, espazio baten alde lan egiteko, eta handia izan da aldarriak hartutako indarra. Hala, espazio bat lortzeko egindako borroka luzea gaur atera da azalera: iluntzean jakinarazi dute eraikin bat birjabetu duela asanbladak, Gaztetxe bilakatzeko. Correosen lehengo eraikina bihurtu dute Gaztetxe, udaletxe aurrean.

Asanbladako kideek gogorarazi dute Gaztetxe baten aldeko borrokak "dimentsio handia" lortu duela azken hilabeteetan, eta horren erakusle izan zela azken Gazte Egunean ehunka lagunek erreibindikatu izana "Durangok Gaztetxea behar duela". Eta aurreko astean, gainera, ikasle-greba bat izan zen, aldarri horrekin bat etortzeko. Gazteek azaroan bertan salatu zuten udalak kalean utzi zuela Kaletik Gaztetxera asanblada, ordura arte erabilitako espazioa kenduta.

Bilera udalarekin aurreko astean

Asanbladak, "kaleko borrokarekin egindako presioari esker", udalarekin bilera bat hitzartzea lortu zuen, Gaztetxe bati buruz hitz egiteko. Aurreko astean elkartu ziren, eta gazteek modu honetan laburbildu dute bilera: "ez digute gazteon beharrak asetuko dituen espazio bat lortzeko bermerik eman", "udalak proposatutako proiektua ez dago haien esku bakarrik eta badakigu denboran asko luzatuko dela", eta "aurreko esperientzietatik ikasi dugu ezin garela udalen promesen zain geratu".

Hori guztia ikusita erabaki dute urrats bat egin eta lehengo Correos birjabetzea. Hala ere, asanbladako kideek "prestutasuna" erakutsi dute "udalarekin negoziatzeko", "baldin eta aipatutako baldintzen esparruan garatzen den eztabaida bada eta momentuak eskatzen dituen beharrei erantzuten badie".

Gaztetxe bat, borroka egiteko

Durangon ere Gaztetxe bat behar dutela argitzeko, asanbladak oroitarazi du irabazi kapitalisten arabera antolatutako aisialdia dela nagusi gazteentzat, baita erasoak etengabe sortzen dituen jai-eredua ere, eta funtsezkoa dela hortik haratago joango diren ereduak antolatzea. Gaineratu du "ezinegon artistikoak" eta kirolerako sarbidea ere mugatzen dituztela "traba ekonomikoek eta burokratikoek", eta hori guztia gainditzeko espazioak ere beharrezkoak direla.

Egoera orokorra markatzen dute "bizitzaren garestitzeak eta jarrera erreakzionarioen gorakadak", eta etsipena eta despolitizazioa indartzen ditu horrek, gazteen artean modu nabarmenean. Horri kontra egiteko espazioak ere beharrezkotzat jo ditu asanbladak.

"Horri guztiari aurre egiteko ezinbestekoa da durangar gazteok ere antolatu eta gure interesen alde egitea. Horri erantzutera dator duela urtebete sortu zen Kaletik Gaztetxera dinamika. Urte honetan zehar Durangon dagoen Gaztetxe baten beharra erdigunean jarri, beste aisialdi-eredu baten alde egin eta politika egiteko espazio seguruak sortu ditugu", azaldu dute asanbladako kideek. Durangoko gazteei dei egin diete "borrokara batzera eta proiektu honen parte izatera".

EZ DAGO IRUZKINIK