Borrokak merezi duela erakutsi du berriz ere Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladak. Joan den uztailaren 19an Zentroko Gaztetxearen hustea gelditzea lortu ostean, beste lorpen bat egin du orain: "herriko gazteon antolakuntzarako espazio izango den Gaztetxe berri bat" eskuratu du.
"Urte luzez Gazte Asanbladatik egindako borrokari esker", bere jarrera aldatu zuen Zestoako Udalak duela hainbat aste: orain arte ez bezala, "Gaztetxe zaharrak zituen gabeziei erantzungo dien espazio berri bat" proposatu zien gazteei. Hortaz, "Zentroko Gaztetxearekin aurrera jarraitzeko genituen zailtasunak ikusita", egindako borrokaren bidez lortutako azken proposamena onartzea erabaki du asanbladak, eta iaz birjabetutako Gaztetxea uztea erabaki du, behin espazio egoki berri bat bermatuta.
"Jaso dugun proposamenak abiarazi genuen lekualdatze-prozesuaren helburuei erantzuten die, espazio berri honek Gaztetxe zaharrak ekartzen zizkigun gabeziak gainditu, eta egungo asanbladaren jarduna modu egokian aurrera ematea ahalbidetzen baitigu", argitu dute asanbladako kideek. Gaztetxea izango den espazio berriari dagokionez, udalak konpromiso-orri bat sinatzea lortu dute, eta "trantsizioa" zehazten jarraituko dute orain.
Zailtasunak, trabak eta erasoak
Zentroko Gaztetxea mantentzeko zailtasunen artean, gogorarazi dute Elizak (iaz okupatutako Gaztetxearen jabe legalak) hasieratik erakutsi duela ez daukala inolako asmorik hitz egiteko eta irtenbide bat topatzeko. Bestalde, ohartarazi dute epaitegiak berriz zeukala emanda Zentroko Gaztetxea husteko agindua: datorren irailaren 11rako ezarri zuen desalojoa.
Hustea behin eta berriz agintzeaz gain, epaileak 6.500 euroko "kalte-ordainak" ordaintzera behartu zituen bi gazte, Zentroko Gaztetxearen birjabetzeari lotuta. Zigorrak indarrean jarraitzen du, eta beraz, aurrerantzean antolatuko dituen ekimenetan parte hartzera deitu du Gazte Asanbladak, gastu erraldoi horri aurre egin ahal izateko.
Elkartasun antolatua
"Eskerrak eman nahi dizkizuegu Zentroko Gaztetxeak izan duen ibilbide honetan lagundu eta babesa eman diguzuen guztioi", esan dute asanbladako kideek: "Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan gure borrokaren parte izan zareten Euskal Herri osoko Gaztetxeei, Gazte Asanbladei eta [Langile Kontrolpeko Espazioen] Defentsa Komunitateari, saretu dugun antolakuntzaren ondorioz soilik izan baita posible borroka hau".
"Garbi daukagu Zestoa bezalako herri txiki batean ez ginatekeela gauden lekuan egongo jaso dugun elkartasun hori gabe, eta, zentzu horretan, gure babes osoa helarazi nahi diegu, gu egon garen bezala, une honetan borrokan ari diren Zornotza, Burlata eta Lizarrako Gaztetxeei", gaineratu dute: "Alboan izango gaituzue".
"Antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun-indarra izan da uztailaren 19an Zentroko Gaztetxearen desalojo-agindua atzera botatzea zein Gaztetxea izango den alternatiba berria lortzea ahalbidetu duena", aldarrikatu dute beste behin ere: "Asanbladatik bide horretan lanean jarraituko dugu, garbi baitugu egindako borroka guztiak merezi izan duela, eta aurrerantzean ere gazteon borrokarako grin horri eutsiko diogu".