AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/11 12:01

Gazte eta ikasle langileek sozialismoaren eraikuntzan duten eginkizuna, militantzia komunista, proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa... Auzi potolo horien inguruan hausnartzeko hiru hitzaldi jendetsurekin hasi zen atzo, arratsaldez, Gazte Topagune Sozialista. EH Bildu-Sortu buru duten bi udalen debekuen eta galarazpenen gainetik, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA) Atarrabian (Nafarroa) eta Burlatan (Nafarroa) mantendu dute Topagunea. Bart, Topaguneari jarritako debeku politikoa salatzeko manifestazioaren ondoren, EH Bildu-Sortuk debekatutako gune nagusietako batean kanpatu dute ehunka gaztek, ekimenari jarraipena emateko. Han igaro dute gaua, galarazpen arbitrario eta autoritarioari aurre eginda.

EH Bildu-Sortuk debekatutako gune nagusietako batean kanpatu dute bart ehunka gaztek, ekimenari jarraipena emateko

Oraingoan, bi eguneko egitaraua izan du Topaguneak, eta gaurkoa da bigarren eguna, hain zuzen ere. Hausnarketa politikorako saioek Topagunean zentraltasuna izanda, bigarren egunari ere hitzaldi indartsu batekin ekin diote gazteek. Zehazki, Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak hitzaldia eskaini dute 10:00etan hasita, Atarrabiako plaza leporaino beteta. Ikusi hemen hitzaldiaren laburpen bideoa, Twitter bidez.

Gazteria langilea, Estatu Sozialista eraikitzen

Eguerdian, bestalde, aldarri politikoak kaleratu dituzte berriz gazteek. Atarrabiako plazan Palestinarekin elkartasunez argazki bat atera ondoren, Iruñeraino (Nafarroa) mobilizatu da jende andana, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! lelopean. "Dakizuen bezala, EH Bilduk eta Sortuk Topagunea egitea debekatu nahi izan digute, baina Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik gabe egin dugu Topagune Sozialista", jakinarazi dute GKSk eta IAk manifestazioaren amaieran: "Ez dugu onartuko edozein alderdi politikoren beto burokratikorik".

"Gizarte kapitalistaren krisialdiak eszenatoki gero eta larriago batera garamatza eta, horren aurrean, langileon alternatiba sozialista gorpuzteak gero eta premia handiagoa du"

"Dekadentzian eta erasoaldian dagoen klase burgesaren aurrean, langileriaren Estatu Sozialistaren beharra aldarrikatzera atera gara kalera" azaldu dute, gaur eguerdian egindako manifestazioaren bukaeran: "Gizarte kapitalistaren krisialdiak eszenatoki gero eta larriago batera garamatza eta, horren aurrean, langileon alternatiba sozialista gorpuzteak gero eta premia handiagoa du". Nabarmendu dute "alderdi politiko instituzionalek" ez dituztela "burgesiaren joera autoritarioak geldituko": "Soilik langileria modu independentean internazionalki antolatzeko gai baldin bagara lortuko dugu sozialismoa eraikitzea".

"Bankariei eta enpresari handiei tinko aurre egiten ez badiegu, kapitalismoaren krisialdiarekin batera gorpuzten ari diren joera autoritarioak itzulezinak izango dira", ohartarazi dute GKSk eta IAk. Horren isla zehatzen artean aipatu dituzte, esaterako, "ingurugiroaren suntsiketa dakarten makroproiektuak; gero eta inpunitate eta baliabide gehiago dituzten talde faxisten ugaritzea; etorkinen kontrako legediak eta ideologiak; langileon aurkako ofentsiba ekonomikoa; oligarkek sortutako gerra inperialistak eta herri-langileen suntsiketak, eta abar luze bat".

Horri lotuta, "elkartasunik beroena" adierazi diote "Israelen eraso kriminala pairatzen ari den palestinar herriari" eta "urte luzez oligarken eraso inperialistak pairatzen ari diren herri-langileei". "Munduko langileriaren berme erreal bezala, burgesiaren botere internazionalari aurre egingo dion langileon alderdi iraultzailea sortu behar dugu", aldarrikatu dute ozen.

"Munduko langileriaren berme erreal bezala, burgesiaren botere internazionalari aurre egingo dion langileon alderdi iraultzailea sortu behar dugu"

Horri kontrajarrita, "alderdi politiko instituzional guztiak estatu burgesen menpekoak" direla gogorarazi dute gazteek, "ekonomikoki eta politikoki". Ezkerreko alderdi politiko parlamentarioak ere "estatu kapitalistan integratuta" daudela azpimarratu dute: "Europako oligarkia finantzarioaren programarekin lerrokatu dira eta, herritarroi promesa faltsuak saltzen dizkiguten bitartean, langileon adierazpen politiko independenteak oztopatzeko funtzioa betetzen ari dira".

"Burgesiarekin eta alderdi politikoen sistema horrekin hautsi behar dugu, eta langileon alternatiba sozialista bat eraiki", adierazi dute berriz GKSk eta IAk: "Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak konpromisoa osoa dauka norabide horretan lanean jarraitzeko, irekitzen ari garen alternatiba politikoari ikuspegi estrategiko internazionalista bat emanez, eta Euskal Herriko langileriari politikoki antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak sortzen jarraituz".

"Burgesiarekin eta alderdi politikoen sistema horrekin hautsi behar dugu, eta langileon alternatiba sozialista bat eraiki"

Prozesu luze eta neketsu horretan, hain justu, gazte langileek "lehen lerroan" egon behar dutela aldarrikatu dute. "Belaunaldi haustura politikoa gorpuztea da gure egitekoa, gazteon artean sozialismoa hegemonikoa bilakatu dadin. Konpromisoz eta diziplinaz, errealitatean eraginez, eskua luzatuz eta eskuzabaltasunez soilik lortuko dugu jendarte hobe batek forma hartzea eta perspektiba hori hedatzen joatea", gaineratu dute: "Denon ardura da, eta guk horretan jarraituko dugu".

"Belaunaldi haustura politikoa gorpuztea da gure egitekoa, gazteon artean sozialismoa hegemonikoa bilakatu dadin"

Arratsaldetik hasita, kontzertuak Totemen

Topaguneari amaiera emateko, hainbat artistak kontzertuak eskainiko dituzte gaur Totem aretoan, 17:00etatik aurrera. Edizio honetan parte hartuko dute, hain justu, TOC, Merina Gris, Elio Toffana, Ill Pekeño & Ergo Pro eta Raimundo el Canasterok, eta Haustura Showcase saio berezia ere eskainiko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK