AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/28 10:03

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalari buruzko azterketa bat egin du berriki Gurea Geroa plataformak. Horretarako, 16 eta 30 urte arteko 3.763 gazterekin hitz egin zuen 2024ko maiatzetik abuztura bitartean, gehienak (%75) emakumeak. Kezkagarria da ikerketak erakutsi duena: ia hamarretik seik (%59) esan dute noizbait izan dituztela pentsamendu suizidak edo autokaltegarriak. Joera handiagoa da gizonen eta gazteenen artean (16 eta 20 urteko arteko %74k pentsatu dute suizidioan), baita herri txikiagoetan (10.000 biztanletik behera) bizi direnen artean ere.

Zoriontasun mailari buruzko datuak izugarriak dira, ia erdiak (%46) erantzun baitu ez dela zoriontsu. Gehiengoak (%82) azaldu du tristura edo angustia sentitzen dituela batzuetan, eta %17k diote beti sentitzen direla hala. Azterketaren arabera, gainera, adinean aurrera egin ahala, zoriontasun txikiagoa erakusten dute gazteek. Bestalde, herri txikiagoetan nabarmenagoa da zoriontasun falta.

Arrazoiak: harremanak, lana eta emantzipatzeko zailtasunak

Zoriontasun falta zerk eragiten dien ere galdetu diete inkestan parte hartu duten gazteei. Arrazoi modura aipatzen dituzte harremanak (%28k, nahiz eta gizonen artean %34ra igotzen den ehunekoa), lana (%22) eta emantzipatzeko arazoak (%18). Hala, etorkizuna ezkortasunez ikusten dute hirutik bik (%65). Ikerketak dio ezkorragoak direla gizonezkoak, 26 eta 30 urte artekoak eta herri txikiagoetan bizi direnak.

Bakardadea hedatuta

Gurea Geroak galdekatu dituen gazteen erdiak baino gehiagok (%53) dio lagunak direla ongizatea bermatzeko oinarrri nagusia. Hala ere, gehienek (hamarretik ia bederatzik) adierazi dute bakarrik sentitu direla noizbait, babesa behar izan dutenean. Arrazoi desberdinak tarteko (beldurra, lotsa eta konfiantza falta aipatzen dituzte), %57k ez dute argi hitz egin euren arazoen eta kezken inguruan.

Terapiara jotzeko ezintasuna eta antsiolitikoak

Inkesta erantzun dutenen artean, nahiko zabalduta dago psikologoarengana joateko ohitura: %64 joan dira noizbait, eta ehunekoa are handiagoa da emakumeen artean. Dena den, askok aipatu dituzte terapia jasotzeko zailtasun ekonomikoak, eta askok ohartarazi dute ez dakitela zehazki nora jo.

Medikamentuen kontsumo maila ere kezkagarria da. %55ek sentitu dute noizbait antsiolitikoak hartzeko beharra, eta %26 dira azken hilabeteetan depresioaren kontrako farmakoak hartu dituztenak. %20k, baina, agindu medikorik gabe egin dute.

EZ DAGO IRUZKINIK