Burgosen irailean eman zuten Gazte Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta aurreko ostiralean, irailaren 30ean, izan zen proiektuaren aurkezpen ekitaldia. 18:30ean zabaldu zituzten zentroko ateak, eta hitzaldi bat egin zuten 19:30ean: Krisia, Prozesu Sozialista eta gazteria proletarioaren antolakuntza. Gero, hainbat disko-jartzailek girotu zuten iluntzea.
Hitzaldia egiteko jarrita zegoen orduan agertu zen Espainiako Polizia. Gazte Zentro Sozialistako kideek salatu dutenez, espazioan zeuden hainbat pertsona identifikatu zituzten polizia-agenteek, haiek "beldurtzeko asmoz".
"Gazte Zentro Sozialistak Burgosko gazte proletarioen antolaketa politikorako eta aisialdirako gune bat sortu nahi du", jakinarazi dute espazioko kideek. Haien esanetan, "krisiaren, inflazioaren edota kriminalizazioaren" ondorioz, gazteria proletarioarentzat "gero eta zailagoa" da helburu horiei erantzuteko espazioak eskuratzea. Asmoa, da, beraz, Burgosen "proletalgoa antolatzeko tresna erabilgarri bat" izatea, eta norabide horretan antolatuko dituzte ekimen eta jarduerak Gazte Zentro Sozialistan. Gaineratu dutenez, "prozesu sozialistaren sorrera bultzatzen" ere "lagundu" nahi dute zentroaren irekieraren bidez.