AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reppublica Milano
2025/01/09 08:16

Milanen, carabinieri-en jazarpen baten ondorioz, bizia galdu du 19 urteko gazte batek: Ramy Elgaml. Azaroaren 24ko goizaldean izan zen, baina orain zabaldu dituzte jazarpenaren irudiak. Horietan ikusten da poliziek nola inguratu zituzten motoan zihoazen bi lagun, migranteak biak, eta nola jarraitu zieten atzetik errepideetan barrena. Itxura denez, agenteek geratzeko eskatu zieten, baina bidean aurrera egin zuten haiek, eta orduan hasi zen jazarpena.

Atzetik segitzean, mutilak euren ibilgailutik botatzen saiatzeko mugimenduak egin zituzten poliziek, hainbatetan bidea itxiz. Zenbaitetan kontrako noranzkoan joan zen Polizia eta motoaren kontra talka egin zuen momentu batean; eta, azkenean, motozikletan zihoazen gazteek semaforo baten kontra jotzea lortu zuen. Giuseppe Ripamonti eta Bernardo Quaranta kaleen artean dago semaforoa, eta ia unean bertan hil zen Ramy. 19 urte zituen, eta motoaren atzeko aldean zihoan.

Polizia-patruilaren kamerek grabatutako bideoan, polizien ospakizun-oihuak entzuten dira, gazteek semaforoa jotzen duten unean: "Erori dira; ongi". Jazarpenean zehar ere argi entzuten da zer asmo zituzten agenteek: "Itxiezu, eroriko direla", "Kaskoa galdu du", eta abar. Gertatutako guztia grabatu zuen kalean gazte batek, baina bideoa ezabatzera behartu zuten carabinieri-ek.

Jazarpenean gidatzen zihoan polizia ikerketapean dago, baina hainbat agentek eta ordezkari politikok jakinarazi dute jadanik balizko gastu judizialak ordaintzeko prest daudela. Azaroaren 24aren hurrengo egunetan, protesta gogorrak izan ziren Milango Corvetto auzoan, Ramyren hilketa salatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK