AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/11 18:17

Palestinarren kontrako garbiketa etnikoaren barruan, Gazako Zerrendan osasun-arreta blokeatzeko eta deuseztatzeko politika bat dauka martxan estatu sionistak. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Ikerketen Nazioarteko Batzorde Independentearen txosten bat ondorio horretara iritsi da berriki, eta hainbat datu plazaratu ditu.

Azaltzen denez, azken urtean sistematikoak izan dira sionistek Gazako ospitaleen, bestelako osasun-instalazioen edota anbulantzien aurka egindako erasoak. 2023ko urriaren 7tik hona, sionistek osasun-etxeen aurka egindako 498 eraso erregistratu dituzte Gazan. Eraso horietan, gutxienez 747 palestinar erail eta beste 969 zauritu dituzte.

Gazako osasun-instalazioei sistematikoki erasotu ez ezik, osasun-sareari bere osotasunean eraso diotela azpimarratzen du txostenak. Izan ere, misilekin instalazioen kontra jotzeaz gain, horietara elikagaiak eta medikamentuak sartzea debekatu dute, argindarra eta bestelako beharrezko hornidurak mozteaz gain. Osasun-etxeak "ebakuatzeko" etengabeko aginduak eman dituzte, ospitaletan sarekadak egin dituzte, eta ospitaleetako gaixoak, zaurituak eta osasun-langileak atxilotu dituzte.

Osasun-etxe gehienak, suntsituta edo kaltetuta

Palestinarekin Elkartasuna plataformak berriki ateratako datuak argigarriak dira, Gazako osasun-sarearen aurkako erasoaldi sistematikoa ikusteko. Israelgo Estatuak 523 osasun-langile hil zituen 2023ko urriaren 7tik 2024ko irailaren amaierara bitartean, eta beste 717 langile zauritu egin zituen. Azpiegitura ia erabat txikitu du: ospitaleen %89 kaltetu edo suntsitu dituzte jadanik sionistek; 115 klinika guztiz suntsituta daude, baita 246 anbulantzia ere.

36 ospitale daude Gazako Zerrendan, eta horietatik 20 ez zeuden erabilgarri uztailaren 15erako, sionisten erasoen ondorioz. Gainerako guztiak erdizka zeuden martxan. Horietatik 11 gainezka zeuden ordurako, eta ezin zituzten palestinar gaixo eta zauritu guztien beharrei aurre egin: osotara, 11.490 pertsona besterik ezin zituzten artatu. Hala, erasoek eta ospitalen suntsiketek "Gazako Zerrendaren osasun-instalazioek gainezka" egitea eragin dute, eta Gazako "osasun-sistema kolapsatu dute", txostenean esaten denez.

Haurrak dira kaltetuenak

Txostenak ospitaleen eta gainerako osasun-instalazioen aurkako erasoen ankerkeria agerian utzi du, besteak beste, sionistek arreta pediatrikoa eta ume jaioberriak artatzeko instalazioen aurkako eraso ugari egin dituzte-eta. Gazako ospitaletako beharginek hamaika basakeria deskribatu dituzte: bonbardaketetako hildako eta zauritu zenbaezinez gain, haur askok bala-zauri zuzenak dituzte, eta horiek artatzeko zailtasun handiak izan dituzte langileek, medikamentuen eskasia dela-eta. Hori gutxi balitz, bonbardaketa eta bestelako eraso etengabeek epilepsia eta asma bezalako gaitzak biderkatu dituzte gazteenengan.

Preso palestinarrek torturak eta bortxaketak salatu dituzte

Aipatutako batzordearen ikerketak, bestalde, aitortzen du Israelgo Estatuak preso palestinarrek torturatu dituela. Tratu txarren barruan, indarkeria sexuala eta bortxaketak ere barne hartzen dira. Adin guztietako palestinarrak atxilotzen dituzte sionistek, tartean adingabeak eta nagusiak, "modu arbitrarioan". Askotariko tratu txar fisikoak eta biolentzia psikologikoa jasaten dituzte presoek, txostenean azaltzen denez.

Hori ez ezik, presondegietan palestinarrak bortxatzen dituzte sionistek: organo sexualetan erasotzen dituzte, biluztu egiten dituzte, ekintza umiliagarriak eta nekagarriak egitera behartzen dituzte eta abar. Atxilotutako adingabe asko, salatu dutenez, gero oso traumatizatuta uzten omen dituzte aske, inolako laguntzarik gabe eta senideak aurkitzeko zailtasun handiekin. Tortura mota horiek guztiak Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro sionistak berak bultzatu eta onartu omen ditu, eta publikoki aldarrikatu ditu preso palestinarren aurkako biolentzia eta tratu txarrak.

EZ DAGO IRUZKINIK