Palestinako biztanleriak garbi dauka bertako erresistentzia armatuaren legitimitatea, Mendebaldeko gizarteetan anbiguotasuna edo aurkakotasuna nagusitu arren. Inkesta eta Politiken Ikerketarako Palestinako Zentroak 2023ko ekainean eginiko galdeketa argia da: Palestinako Estatua eraikitzeko eta Israelen okupazioarekin amaitzeko bitartekorik eraginkorrenak zein ziren galdetu zitzaienean palestinarrei, %52k borroka armatua hautatu zuten (%55ek Gazan eta %49k Zisjordanian), %21ek negoziaketa, eta beste %22k "herri erresistentzia".
Israelen okupazioarekin amaitzeko bitartekorik eraginkorrenak zein ziren galdetu zitzaienean palestinarrei, %52k borroka armatua hautatu zuten. [...] %71 talde armatu berrien sorreraren alde agertzen ziren
Horrez gain, %71 talde armatu berrien sorreraren alde agertzen ziren; hala nola, Lehoien Koba edo Jenin Batailoia izenekoak, Palestinako Autoritatearen (PA) menpe ez daudenak. Talde berri horiekiko babesa %79koa zen Gazan, %66koa Zisjordanian eta %85ekoa errefuxiatu-esparruetan. Are gehiago, palestinarren %86k uste zuten PAk ez zuela eskubiderik talde berrietako kideak atxilotzeko. Bestalde, galdeketa bete zutenen %58k erresistentzia Zisjordania osora hedatzeko itxaropena zuten, eta %51k Intifada berri bat izatekoa.
Bi estatuen irtenbideari dagokionez, %70 aurka agertzen ziren
Bi estatuen irtenbideari dagokionez, %70 aurka agertzen ziren. Aldi berean, palestinarren %38rentzat lehentasunezko helburuak ziren 1967ko mugetarainoko Israelen erretreta eta Palestinako Estatuaren eraketa. Beste %32k uste zuten lehentasuna errefuxiatuak Palestinara itzultzeko eskubidea lortzea zela. Bakarrik %15ek zeukaten lehentasuntzat Islamaren araberako legeetan oinarrituriko estatu baten eraketa. Nakbatik hona palestinar herriari gertatu zaion gauzarik positiboena zein izan den galdetzean, gehiengoak (%24) "erresistentzia-mugimenduen sorrera eta Israelen aurkako borroka armatua" erantzun zuen. Inkesta 1.270 laguneko lagin batekin egin zen, aurrez aurreko elkarrizketa bidez eta %3ko errore-tartearekin.
Barne-politika
Palestinako barne-auziez ere galdetu zitzaien inkestan. %84ren ustez, Palestinako Autoritatearen instituzioak ustelduta daude, eta %63k, zuzenean, "PA palestinar herriarentzako oztopo bat" dela erantzun zuten. Galdetu zitzaien, bestalde, Israelen eta PAren arteko harremanaz, eta %63k esan zuten Israelen interesen barruan koka daitekeela PA mantentzea edo hark bizirautea. Izan ere, PAko buru den Mahmoud Abbasekiko gogobetetze maila %17koa zen inkesta egitean, eta %80k bere dimisioa eskatzen zuten. Abbasek Nazio Batuen Erakundean (NBE) eginiko hitzaldiari dagokionez, entzun zuten palestinarren %82 ez ziren konforme ageri presidenteak esandakoarekin.
%84ren ustez, Palestinako Autoritatearen instituzioak ustelduta daude, eta %63k, zuzenean, "PA palestinar herriarentzako oztopo bat" dela erantzun zuten
Inkestak erakutsi zuen, gainera, palestinarren laurdenak emigratu nahiko luketela, gazatarren %29k eta zisjordaniarren %22k.