AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ELA Nazioartea
2024/02/15 11:59

Gaur, otsailaren 15ean, Madrilgo Zigor Arloko 31. zenbakiko Epaitegian epaituko dituzte Euskadi-Cuba Gobernuz Kanpoko Erakundearen legezko ordezkaritza eta José Manzaneda, Cubainformación hedabideko kazetaria eta koordinatzailea. Espainiako Estatuko Prisoners Defenders elkarte antikastristak salatu zituen, kazetaritza-artikulu batengatik: Crear una crisis sanitaria en Cuba: objetivo de la guerra contra su cooperación médica, hain zuzen ere.

"Kalumniak eta irainak" leporatzen dizkie auzipetuei Prisoners Defenderseko presidente Javier Larrondok, baita "gorrotoa sustatzea" ere. Hori argudiatuta, zigor altuak eskatzen ditu eurentzat akusazio partikularrak: sei urteko kartzela-zigorra eta 70.000 euro inguruko kalte-ordainak eta isunak. Zigor ekonomiko hori Cubainformación-en eta Euskadi-Cubaren amaiera izango litzateke, Manzanedak azaldu duenez.

Kazetariak 2020an idatzi zuen seinalatutako artikulua. Amerikako Estatu Batuek Kubaren aurka indarrean daukaten blokeo ekonomikoaz hitz egin zuen, baita Kubako osasun-hitzarmenen suntsiketaz eta dinamika horretan Prisoners Defendersek eta AEBetako Gobernuaren Estatu-Departamentuak izan duten rolaz ere. Hala, gaur egun Kuban izaten ari den sendagai eta osasun-baliabide falta horrekin lotzen ditu artikuluak, besteak beste.

Antikastristek gogor egin dute Cubainformación-en eta Euskadi-Cubaren (2020ra arte bera izan da web-orriaren jabe) kontra. Epaitegietara jotzeaz gain, difamazio-kanpaina bati ekin diote: esan dute, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoak jasotzen dituela Euskadi-Cubak, "Europa eta Espainia desegonkortzeko" edota "inteligentzia-lanak" betetzeko asmoz.

Babes zabala

Atzo, agerraldi bat egin zuten Bilbon (Bizkaia) Cubainformación-eko eta Euskadi-Cubako kideek, hainbat kolektiboren babesarekin. Gaurko epaiketaren harira, komunikatu bat argitaratu dute auzipetuek, eta atxikimendu ugari jaso ditu. Idatzian, besteak beste, aipatutako web-orria eta GKEa babesten dituzte sinatzaileek, "justiziaren, egiaren eta prentsa-askatasunaren alde" egindako borroka dela-eta.

"Beste behin ere, AEBetako gobernuak, 'antikastrismoaren' aldeko erakundeekin lankidetzan, Kubako herriari errukigabe aplikatzen dion blokeo kriminala amaitzea exijitzen dugu, hori baita uharteak bizi duen krisi ekonomiko larriaren sustraia", aldarrikatu dute atxikitu diren kolektiboek. Bestalde, Cubainformación hedabideari babes ekonomikoa ematera deitu dute, "arrail" bat delako "Kubarekiko blokeo mediatikoan".

EZ DAGO IRUZKINIK