AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2025/04/11 14:06

Espainiako Estatuko Gobernu Kontseiluak beste 2.084 milioi euroko inbertsio bat onartu du "defentsan", "eraginkortasuna hobetzeko eta instalazioak mantentzeko" beharra argudiatuta. Kantitate hori gehituta, Pedro Sanchezen agintaldian, jadanik 10.000 milioi euro baino gehiago bideratu dira gastu militarretara, batez ere, 2022an Ukrainako gerran Europar Batasunak hartutako posizio geopolitikoa eta NATOk berak egindako eskakizunak direla medio.

Gainera, Espainiako Gobernuak azpimarratu duenez, astearte honetan onartutako 2.084 milioi euroak ez dira oraindik BPGaren %2ra iristeko konpromisoa betetzeko kalkuluetan sartu ere egiten, ustez, aurreko urteetako programen barruan daudelako. Gaur egun "defentsako" gastua %1,28 ingurukoa dela aitortu du gobernuak, nahiz eta onartu duen benetako inbertsioa are handiagoa dela, mugen zaintza eta zibersegurtasuna bezalako arloak kontuan hartuta. Dena den, berriki ezagun egin den bezala, NATOk uko egin dio halako kontzeptuak defentsako aurrekontuaren barruan kontabilizatzeari, exijentziak are gogorragoak bihurtuz.

Bestalde, Europar Batasuneko beste zenbait lurraldetan ikusten hasi den moduan, Banku Zentralak edo banketxe pribatuek gerrarekin negoziorako aukerak ireki daitezkeela eman dute aditzera. Espainiako Bankuak berak adierazi du ez duela "inolako oztoporik ikusten finantza-erakundeek defentsa-proiektuetan parte hartzeko", eta sustatu egin du finantza-sektoreak bertan esku hartzea. Entitate bera izan zen joan den astean gastu militarrek zor publikoan eragin zitzaketen igoera "arriskutsuen" berri eman zuena. Zentzu berean, Ana Botin Santander bankuko buruak edo La Caixako inbertsio-adarreko agintariek interes handia erakutsi dute sektoreko inbertsioetan, epe motzean mugimenduak aurreikusiz.

EZ DAGO IRUZKINIK