AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/03 09:09

Gasteizko (Araba) SDA Factory lantegia zarratzeko prozedura hasi dute jadanik enpresako zuzendaritzak eta Kataluniako B&B Trends taldeak: hartzekodunen borondatezko konkurtsoan dago iazko abendutik. Konkurtsoaz arduratzen ari den epaileak, gainera, berretsi du kalean geratzeko arrisku bizian daudela 55 langileak: plantilla osoa kaleratzeko enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri nahi du B&B Trendsek, eta kontsulta-aldi bat eskatu du jadanik epaitegian. Langile-batzordeak dio beharginek ez daukatela apenas langabeziagatiko prestaziorik, eta ez dutela jaso abenduko eta urtarrileko nomina, ez eta Gabonetako ordainsaria ere. Zehaztu du, gainera, 52 urtetik gorakoak direla langileen erdia baino gehiago.

Lehen Alemaniako BSH multinazionala (Ezkirozko fabrika itxi eta 700 langile bota nahi ditu orain) zen Gasteizko lantokiaren jabea, baina 2019an saldu zion B&B Trends taldeari, eta SDA Factory izena eman zion (Ufesa zen lehen). LAB sindikatuaren arabera, BSHk milioika euro ordaindu dizkie Kataluniako konpainiari eta SDAri berari, Gasteizko lantegia erosi ondoren hura "suntsitu" zezaten: ekoizpen-unitatea, pabiloia eta lursailak euro baten truke saldu zituen BSHk, eta salerosketa egitean 300.000 euro eman zizkion B&B Trendsi eta 4.800.000 euro SDAri. LABen arabera, 2019 eta 2021 artean, "enpresa saltzaileak gutxienez 20 milioi euro ordaindu zizkion erosleari". "BSHk bere irudia babestu eta lasai-lasai alde egiteko asmoa zuen, eta horretarako, enpresa talde bati saldu zion, berau desegiteko", gaineratu du.

Badirudi, bestalde, hartzekodunen konkurtsoan B&B Trends bera dela hartzekodun nagusia: alegia, SDA Factory ixteko, Gasteizko lantegiak bere jabearekin (B&B Trends) daukan zorra hartuko dute aitzakiatzat. Milioi bat eurokoa omen da zor hori. Eta, antza denez, zor horren zati handi bat funts publikoek ordaintzea nahi du Kataluniako konpainiak, FOGASAren bidez. Zuzendaritzak egindako beste trikimailu batzuen artean, 2023an plaka fotovoltaikoak jarri izana eta horri esker Europako Next Generation funtsetatik 50.000 eurotik gorako laguntzak jaso izana ere badago.

250 langile izatetik 55 izatera

Lehen 250 langilek jarduten zuten fabrikan, baina 55 besterik ez dira gaur egun. Azken urteetan, aldi baterako lan-erregulazioko bost espediente ezarri dizkiote plantillari, eta lau urtez luzatu dituzte neurriok, teorian, ekoizpenari lotutako arrazoiengatik. B&B Trends taldeak konkurtsoa daraman epaileari esan dion arren ez duela jarduna beste toki batzuetara eraman, langile-batzordeak gogorarazi du berez Gasteizen ekoiztekoak ziren hainbat ekipo mugitu dituztela Bartzelonara edo Europako beste leku batzuetara, eta Gasteizko I+G talde osoa kaleratu dutela, Bartzelonako lantoki berrian ingeniari gehiago kontratatzen ari ziren bitartean.

EZ DAGO IRUZKINIK