AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/18 14:05

Euskal Herrian enpresa ugarik iragarri dituzte kaleratzeak azken egunotan. Eskirotzeko (Nafarroa) BSHk itxieraren eta bertan jarduten duten 655 beharginen kaleratzearen berri eman bezain pronto, lehen talde horren parte zen lantoki batek jakinarazi du berak ere eten egingo duela jarduera: Gasteizko (Araba) SDA Factory enpresak, hain zuzen ere. Lau urte dira lehen BSH izandako lantegiak SDA Factory gisa funtzionatzen duela, eta etengabe luzatutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten pean aritu da denbora horretan guztian.

Itxura denez, enpresako zuzendaritzak bere borondatez jo du hartzekodunen konkurtsora, aldi baterako lan-erregulazioko espedientea bosgarrenez berritzeko elkarrizketen atarian. Gasteizko lantokia BSHren parte zenean 240 beharginek jarduten zuten bertan, baina 55 dira gaur egun. Guztiek galduko dute euren lanpostua fabrika ixtean.

Eskirotzeko BSHren itxieraren berri ematean, langileek salatu dute enpresako zuzendaritzak jarduna deslokalizatu nahi duela, Turkiara eta Poloniara tokialdatzeko. Aurrez, Etxarri-Aranatzeko (Nafarroa) eta Lizarrako (Nafarroa) lantegiak zarratu dituzte. "Kasualitatea? Enpresa B&B Trendsen eskuetan erori zenetik, iragarritako heriotza baten aurrean egon garela dirudi", esan dute Gasteizko SDAko langileek.

Kaleratzeak Nafarroako Museoan

Nafarroako Museoko langileek asteartean egin zuten elkarretaratzea Iruñean (Nafarroa), bost langileren kaleratzea salatzeko. Hurrengo urrira arte luzatuko diren obra batzuk egingo dituzte museoko lau solairutan, energia-eraginkortasunerako neurri berriak direla-eta, eta Mercedes Jover zuzendariak hori hartu du aitzakiatzat "langile gehiegi" daudela esateko.

Orain arte, hamazazpi behargin izan dira, baina aldi baterako kontratua eduki dute horietatik bost, eta horiexei deuseztatuko dizkiete kontratuak, "aldi baterako" behintzat. Diario de Noticias egunkariaren arabera, baina, Joverrek ez du kaleratutako langileak berriro kontratatzeko asmo argirik adierazi: "Museoa berriro irekitzean, zaintza-zerbitzua berrantolatuko da". Langileek salatu dute bat-batean eman dietela erabakiaren berri, eta, bitartean, Nafarroako Gobernuak "lasaitasun mezuak" eman ditu.

Erregulazioko espediente masibo bat Siemens Gamesan

Siemens Gamesako zuzendaritzak, bestalde, aurten azaldu du kaleratze masibo bat egingo duela mundu mailan: maiatzean esan zuen 4.000 behargin baino gehiago botako dituela, horietatik 430 Espainiako Estatuan. Itxura denez, azkenean, 255 kaleratze inguru izango dira estatu mailan 2025ean zehar, tartean, Zamudion (Bizkaia) eta Sarrigurenen (Nafarroa). Hego Euskal Herrian, denera, 3.000 pertsonak egiten dute lan Siemens Gamesarentzat.

Kaleratzeez gain, sindikatuekin adostutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ere barne hartzen du zuzendaritzaren neurri sortak. 360 langileri eragingo die espediente horrek, eta haietatik 215ek jarduten dute Asteasuko (Gipuzkoa) eta Zamudioko lan-zentroetan. Gutxienez urte eta erdiz egongo da indarrean neurria.

EZ DAGO IRUZKINIK