Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, gazte langileek emantzipatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko manifestazio bat izan zen atzo Gasteizen (Araba). Bilbo Plazatik hasi zen mobilizazioa arratsaldeko 18:00etan, Emantzipazio ezintasunaren aurka borrokatu! Enpresariak eta politikariak errudun! lelopean. Hiriko erdigunera eraman zuten emantzipatzeko ezintasunaren kontrako protesta, eta Alde Zaharrean amaitu zen manifestazioa.
Bukaeran, GKSko kideek ohartarazi zuten azken urteetan okerrera egin duela etxebizitzaren arazoak langileriarentzat, gazte langileentzat barne. Horren aurka, "politikari profesionalek behin eta berriz saltzen dizkiguten promesa faltsuekin haustea eta gure kabuz borroka egitea beharrezkoa" dela azaldu zuten gazteek. "Ezin gara politikariei eskakizunak egitera mugatu; kontrara, ahalik eta gazte gehienen kontzientzia politikoa piztu eta etxebizitza unibertsalaren aldeko indarrak batu behar ditugu", azpimarratu zuten.
"Egoera larria da. Baina larria langileriarentzako, ez etxebizitzaren auzitik negozioa egiten dutenentzako; alegia, higiezinen agentziak, enpresa eraikitzaileak, inbertsio- eta putre-funtsak, banketxeak eta abar", seinalatu zuen GKSk: "Horiek milaka eraikinen jabe dira eta urtero milioika euro irabazten dituzte. Eta horiek dira gazteon emantzipazio ezintasunaren errudun nagusiak". Zentzu horretan, guztiei "aurre egin eta boterea kendu ezean", langileriak ezingo duela "etxebizitzaren problematika gainditu" oroitarazi zuen gazte antolakundeak.
Politikariak eta kea
Hauteskunde garaian, eta gazte botoa lortzeko asmoz, "gazteei bideratutako politikak egiteko ustezko konpromisoa" hartzen dute politikari profesionalek, GKSk gaitzetsi zuenez: "Etxebizitza-parke publikoak handitzeaz hitz egin digute, alokairuen igoera mugatzeaz, etxe turistikoak mugatzeaz, alokairu merkeak saritu eta garestiak zigortzeaz, eta abar". Antolakundeak argitu zuen, baina, politikari horiek ez dutela gazte langileek emantzipatzeko duten ezintasuna deuseztatuko, "ez dituztelako langile-klasearen interesak ordezkatzen; enpresarienak eta erdi-mailako klasearenak baizik".
GKSko kideek xehatu zuten, bestalde, "enpresarien erasoaldi ekonomikoa bizitzen ari garela" eta "krisi garaian erdi-mailako klasearen desintegrazioa gertatzen ari dela". Zentzu horretan, "politikari profesionalen neurriak testuinguru horretan kokatzen" direlakoan dago gazte antolakundea: "Neurri horiek ez dute langile-klaseko gazteon emantzipaziorik ekarriko, botoak erosteko eta atsekabe soziala apaltzeko promesa faltsuak baino ez baitira".
Ofentsiba bete-betean
"Europako bankariak eta enpresari handiak gerrarako prestatzen ari diren honetan, arrisku belikoek eta interes inperialistek ezartzen dute zer den lehentasunezkoa", salatu zuen GKSk, bestalde. Horri lotuta, "langileon soldatak erasotzen eta bizi-baldintzak pobretzen" segituko dutela esan zuen, eta "gazte langileon lan- eta bizi-baldintzak okerragotzea" dakarrela horrek; bai eta "etxebizitzaren arazoa betikotzea" ere. Horren isla modura aipatu zituen "emantzipatzeko adinaren luzapena, alokairuaren garestitzea, miseriazko etxebizitzak, hipoteka ordaintzeko ezintasuna, traba burokratikoak eta abar luze bat".
Doako etxebizitza unibertsala eta Estatu Sozialista
"Argi dagoena da gizarte kapitalista giza-garapenerako oztopoa dela", nabarmendu zuten azkenik GKSko kideek: "Gaur egun, kalitatezko etxebizitza unibertsala bermatzeko baldintzak badaude ere, etxebizitzak negoziorako bitarteko izaten jarraitzen du enpresarien eskuetan, politikari profesionalen laguntzarekin". Hala, seinalatu zuten "etxebizitzak negozio-iturri izaten jarraitzen duen bitartean", ez dagoela "irtenbiderik gazte langileontzako".
GKSk, beraz, aldarri garbi bat egin zuen: "Doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borrokan indarrak batu behar ditugu, eta hori guztia langileon Estatu Sozialistaren borrokarekin uztartu behar dugu". Antolakundeak berriz berretsi zuen "norabide horretan borroka egiteko konpromisoa".
📸📹 Gasteizen mobilizatzera deitu du gaur @GKSozialista|k, gazte langileak emantzipatzeko eskubidearen alde.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 30, 2024
Bilbo Plazatik irten da jada manifestazioa, 'Enpresariak eta politikariak errudun. Emantzipatzeko ezintasunaren aurka borrokatu!' lelopean. pic.twitter.com/ftcvmfQ55k