AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/20 11:49

Gaur hasiko da Azkena Rock makrojaialdia Gasteizen (Araba). Urtero bezala, hiru egunez, 50.000 pertsona inguru elkartuko dira ekitaldi erraldoi horretan. Aurtengo edizioa ere Last Tour enpresak antolatu du, Gasteizko Udalak azpikontratatuta. Jaialdiaren hasieraren atarian, Azkena Rocken soldatapean jarduten duten beharginek jasan behar dituzten miseriazko lan-baldintzak salatu ditu Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak.

Azaldu du nazioarteko makrojaialdi ugari hartzen dituela bere gain Last Tour enpresak; hala nola, Azkena Rock bera, BBK Live, Madrid Live, BIME, Pirineos Sur eta abar. Urtean 100 milioi eurotik gora fakturatzen ditu, "sarritan salatu diren langileen lan-baldintza miserableen kontura".

Jaialdi horietan, 10.000 behargin inguru aritzen dira soldatapean Last Tourren esanetara. Inposatzen dizkieten baldintzen artean hainbat nabarmendu ditu Gasteizko LASek: hamazazpi ordura arteko lan-orduak, orduko 5 eurora ere iristen ez diren soldatak, atzerapenak ordainketetan, lo egiteko eta jateko baldintza negargarriak, lan-arriskuak eta istripuak, kontraturik gabeko jardunak eta abar.

Gasteizko Udala, konplize

Last Tour bezalako enpresa kriminalei erakunde publikoek ematen diete babes zuzena, besteak beste, horiek kontratatuta. Horixe da Gasteizko Udalaren kasua, 380.000 euro ordaindu baitizkio Last Tourri oraingoan, "espazioa eta mota guztietako erraztasunak" emateaz gain. Beraz, enpresaren nahiz udalaren erantzukizuna seinalatu ditu LASek, azken horrek "langileon prekaritatea finantzatzen eta legitimatzen" duela iritzita.

"Horrelako [Azkena Rock bezalako] ekimenek hiriarentzako aberastasuna dakartela argudiatzen dute, baina ondo dakigu zeintzuk izango diren onuradunak eta zeintzuk kaltetuak", gaineratu du.

Aberastasuna eta miseria

Azkena Rocki esker aberastuko direnak, hain zuzen ere, "Last Tour, horren azpikontratak eta hiriko hotel zein jatetxeetako jabeak" izango direla argitu dute LASeko kideek. "Festibaleko langileok, aldiz, inposatzen zaizkigun baldintzak onartzera behartuta gaude, berriz ere kontratatuak izan nahi badugu", jakinarazi dute.

Ohartarazi dute, gainera, ostalaritzako langileak ere izango direla "kaltetuak", "lan-karga askoz ere handiagoa eta mota guztietako abusuak pairatu" beharko dituztelako. "Emaitza argia da: enpresariak aberasten dira eta langile-klasea diziplinatu egiten da", ondorioztatu dute.

Beharginei dei egin diete "jaialdian zehar pairatu ditzaketen abusuei aurre egin" diezaieten eta LASekin batera antola daitezen.

Testigantzak

Azkena Rock makrojaialdian lanean aritu diren hainbat langileren lekukotzak bildu ditu Gasteizko LASek, bertan jasan dituzten miseriazko lan-baldintzen berri emateko. Hemen irakur daitezke testigantza horietako batzuk.

EZ DAGO IRUZKINIK