Albiste onak Gasteizen (Araba): Alde Zaharrean gaur gauzatzekoa zen etxe-kaleratzea gelditzea lortu du bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, martxoan jakinarazi zuenez, sindikatuan antolatuta dauden hiru familia etxegabetu nahi ditu PSE-EEren udalak auzoan, Ensanche 21 enpresa publikoaren bidez. Gaurko zegoen ezarrita familietako baten kaleratzea eta hari aurre egiteko deia egina zeukan sindikatuak, baina, egindako borrokari esker, hura bertan behera geratzea lortu du azkenean.
"Albiste onak izan arren, sindikatuak argi dauka garaipen partziala baino ez dela", xehatu dute. Izan ere, egoera berdinean jarraitzen dute gainerako bi familiek, eta "oraindik ere aukera dago etxegabetze-data berri bat jasotzeko". Hala ere, martxoan azaldu bezala, "familia horien eta haien etxeen defentsan" segitzeko konpromisoa erakutsi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta seinalatu du, euren esku-hartzerik gabe, hiru familia zaurgarriak kalean egongo liratekeela jada: "Udalak aspaldi utziko zuen familia hori kalean. [...] Gainera etxegabetzea isilpean gauzatuko zen".
Hala ere, "antolakuntzari esker, "sindikatuak familiak bizi behar izan duen egoera desesperatua ezagutaraztea lortu du, eta, batez ere, gure hirian gero eta ohikoagoa den eta oso larria den gizarte-arazo horretan fokua jartzea erdietsi du", bertako kideen hitzetan. Sindikatuan antolatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, gogoraraziz "etxegabetzeei aurre egiteko tresna eraginkorra dela erakutsi" duela.
Udalaren hipokrisia
Sindikatutik berriz salatu dute PSE-EEk gobernatutako udalaren "jarrera hipokrita": "Etxebizitza sozialak eraikitzeko aitzakiapean, urteetan hutsik egon diren etxeetatik familiak kanporatu nahi dituzte". Gaineratu dutenez, udalak "familiaren ongizatea babestuko lukeen konponbide bat aurkitzeko bitartekaritzarik onartu ez eta ez du zalantzarik izan prozesuarekin aurrera jarraitzeko, nahiz eta 2 eta 3 urteko adingabeak dituen familia zaurgarria izan [gaur etxegabetu nahi zutena]".
Hala, azaldu dute udala etxegabetzeen aurkako moratoriaren "gainetik pasatzen saiatu" dela, behin hustu nahi dituen etxebizitzak "berreskuratuta", horietan "etxebizitza sozialak proiektatuko" dituela hitzemanez. Sindikatuak dio, baina, "hipokrita eta aurpegi garbiketa hutsa" dela, "etxebizitza sozialen promesaren aitzakiaz, familia zaurgarriak kalera botatzea justifikatzen saiatzea".
Etxegabetzearen aurkako aldarria ozen Alde Zaharrean
Gaurko finkatuta zegoen etxe-kaleratzearen kontra, Gasteizko Alde Zaharreko 58 kolektibok, tabernak eta dendak adierazi zioten babesa familiari, etxegabetzea gaitzetsiz. Kaleratzea geratzeko "borroka judizialaz gain", sindikatuko kideak kalean aritu dira lanean, "etxegabetua izan daitekeen familiaren egoeraren berri ematen eta etxegabetzeari aurre egiteko beharra zabaltzen"; eta horren emaitza da lortutako babes zabala.
Hemen ere etxegabetzeen aurka. Udalak Alde Zaharrean etxegabetzen du leloarekin bat egin dute aipatutako 58 sinatzaileek. Besteak beste, aldarriarekin bat egin dute Arkillos 10, Auzoan Bizi, Gasteiz Txiki Auzo Elkartea, Gasteizko Gaztetxea, Gaztedi Rugby Taldea, Arabako SOS Arrazakeria edo ZAPateneo kolektiboek; Aldapa, Arima, Botxo, Elizondo, Hala Bedi, Herre, La Torre de Anda, Más Kebab's, Otto Berri, Riojana, Tapilla Sixtina, Txapeldun edo Txistu tabernek eta jatetxeek; eta EncuadernAdos, Irantzutzu telak, Mara-mara liburuak, Ortopedia Fariña, Los Gemelos, Zubi, Petit Bohème, Kaina, Vinylora edo Zuloa Irudia komertzioek.
Sindikatuak dio etxegabetzeak ez direla "norbanako zorigaiztokoek pairatzen duten arazo isolatua, baizik eta guztioi eragiten digun drama sozial eta estruktural bat". Horiek horrela, funtsezkotzat jotzen du "askotan ikusezina dela ematen duen eta ezkutuan gertatzen den fenomenoa argitara ateratzea eta horren aurrean elkartasuna antolatzea"; borroka judizialarekin batera, kaleetaan "lan soziala eta politikoa" eginez.