AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/09 09:40

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak iazko azaroan eman zuen sindikatuarekin antolatuta dagoen familia baten egoeraren berri. Hipoteka-egikaritze baten ostean Blackstone putre funtsak eskuratutako etxe batean bizi dira familiako kideak, eta handik kanporatu nahi ditu Blackstonek.

"Familiak bere garaian ez zuen bere burua identifikatu nahi izan, litezkeen ondorio errepresiboen beldur", azaldu zuten atzo Etxebizitza Sindikatuko kideek, agerraldi baten bidez: "Orain, etxegabetzearen hurbiltasuna ikusita, onartu egin du identifikatzea". Jakinarazi dute, sindikatuarekin batera, gizarte zerbitzuetara jo zutela sendiko kideek, zein egoeratan dauden azaltzeko eta "irtenbide bat eskatzeko". "Beti bezala, administrazioak ez du aukerarik eskaini", salatu dute.

Gizarte ezkutuaren fartsa

"Berriz ere agerian geratuda gizarte ezkutuaren neurrien eraginkortasunik eza", seinalatu dute sindikatuko kideek. Ohartarazi dute "etxegabetzeen luzamenduak, batzuen gauzatzea atzeratzen badu ere" ez duela "arazoa konpontzen". Izan ere, "etxegabetze batzuk bakarrik atzeratzen ditu", "kasuistika asko" uzten baitituzte "luzamendutik kanpo" eta, "beste askotan, kasu honetan bezala, aukera izanda ere, ez da aplikatzen".

"Familia proletario askok ez dute instituzio burgesetara jotzen, ondorioen beldur direlako", gogorarazi du sindikatuak. Zehazki, "gaitzespenaren" edo, "okerrago, ondorio handiagoen" beldur dira sendiak; "hala nola, adingabeen zaintza galtzearen edo usurpazio-delituengatiko errepresioaren" beldur. Sarri, beraz, "izapideak hasi ere ez dituzte egiten". "Paper amaigabeen eta baldintza zorrotzen artean, instituzioen irtenbideak eskasak dira", ondorioztatu du.

Ezintasunaren areagotzea eta konplizeak

"Etxebizitzaren arazoa goraka" doala salatu dute sindikatuko kideek. "Etxejabeek egindako legez kanpoko etxegabetzeak" ugaritu egin direla, etxegabetze kopurua igo egin dela eta "proletarioek etxebizitza eskuratzeko duten ezintasuna ere areagotu" egin dela zehaztu dute. "Horregatik, milaka pertsonak hutsik dauden etxeak okupatzea beste aukerarik ez dute", azaldu dute.

Egoera horretan, "etxebizitza eskuratzeko arazoa konpondu beharrean", "okupazioaren aurkako gurutzadan" instituzio burgesek eta putre funtsek "indarrak batzen" dituztela gaitzetsi du sindikatuak. Gurutzada hori, "funtsean, proletalgoaren kontrakoa" dela xehatu du, gainera.

"Gasteizen, bai udalak bai putre funtsek jabetzak metatzen dituzte", salatu du: "Ez dute zalantza egiten edozein baliabide erabiltzeko familiak haien etxeetatik botatzeko eta, horrela, jabetza horiekin negozioa egiteko". Horren adibide modura ekarri dituzte gogora Gasteizen huste arriskuan dauden 28 etxebizitza okupatuak, udalaren jabetzakoak direnak.

Hiru exijentzia

"Ziurgabetasun testuinguru honetan, alternatiba bideragarri bakarra autodefentsa sozialista da: etxejabeen eta errentisten erasoen aurrean antolatutako defentsa, gure bizi-baldintzen okertzea gelditzeko eta, aldi berean, etxebizitza sistema sozialista berri bat aldarrikatuko duena, non aberastasunerako sarrera unibertsala izango den", aldarrikatu du sindikatuak.

Kaleratua izateko arriskuan dagoen familiari dagokionez, sindikatuak hiru exijentzia egin dizkie Gasteizko Udalari eta Blackstoni: "etxegabetzea berehala eta baldintzarik gabe etetea", familia etxebizitza horretan bizitzea erregularizatzeko "jabetzaren, udalaren eta sindikatuaren arteko negoziazioak hastea", eta "benetako eta kalitatezko bizitoki-alternatiba bermatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK