AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Christophe Ena/AP Photo
2025/08/26 09:44

Krisitik krisira doa Frantziako Gobernua, berriz sartu baita ziurgabetasun une batean: François Bayrou lehen ministroak berari buruzko konfiantza-mozio batera deitu du ikasturtearen hasierarako. Irailaren 8an Frantziako Asanblea Nazionalean bozkatuko dute ea Bayrouk karguan segituko duen edo ez, eta aurreikuspenak ez dira baikorrak harentzat, ez baitauka gehiengorik zatikaturiko parlamentuan.

Kontserbadoreek eta zentroak baino ez dute baieztatu lehen ministroaren aldeko botoa emango dutela. Oposizioko alderdiek, berriz, esan dute jada lehen ministroaren aurka bozkatuko dutela; hala nola La France Insoumisek (LFI) eta Rassemblement Nationalek (RN). Azken hori da Asanblea Nazionalean eserleku gehien dituen taldea.

2026rako murrizketa-plan bat eta mobilizazioak mahai gainean

Uztailean, polemika handia piztu duen murrizketa-plan sakon bat aurkeztu zuen Bayrouk 2026ari begira, 44.000 milioi euroko murrizketak barne hartzen dituena. Besteak beste, zenbait jaiegun deuseztatzea, programa sozialetan murrizketak ezartzea, hainbat prestazio publiko izoztea eta 3.000 lanpostu publiko desagerraraztea aurreikusten du bide-orriak.

Lehen ministroak aurrekontu horien aldeko babesa bilatu nahi du konfiantza-mozioa gaindituz, ikusirik neurri sortaren aurkako protestak izango direla ikasturteari ekitean: mobilizazio-egun bat antolatu dute jada datorren irailaren 10erako, Guztia Blokea Dezagun izeneko mugimenduaren ekimenez. "Gehiengoa baldin badu, gobernua berretsiko da. Ez baldin badu, gobernua eroriko da", laburbildu du Bayrouk berak.

Mozioa iragartzeko atzo egindako adierazpenetan, murrizketa-planari eutsi eta haren aurkako protestak jopuntuan jarri ditu lehen ministroak: beharrezkotzat jo du aurrekontuei buruzko "eztabaida", baina esan du parlamentua dela horretarako tokia, eta ez "kaleetako istiluak". Mobilizazioak kriminalizatu nahi izan ditu hala, helburua "kaosa" sortzea dela esanez.

Krisi bat bestearen atzetik

2024a ere kateaturiko krisi-urte bat izan zen. Urtebete eskas igaro da gobernuak hauteskundeak aurreratu behar izan zituenetik: iazko udaren hasieran, Asanblea desegin eta legegintza-hauteskundeak aurreratu zituen Emmanuel Macronek. Une gorabeheratsua izan zen, ordea: Marine Le Pen buru duen RN alderdiak irabazi zuen lehen itzulian eta "ezkerreko bloke" gisa aurkezturiko aliantzak bigarren itzulian, eta horren ondotik, behin eta berriz egon da kolokan lehen ministro kargua.

Ezegonkortasunaren erakusle da, hain zuzen ere, urtebetean hiru lehen ministro izendatu izana, hirugarrena baita Bayrou (iazko abenduan hartu zuen kargua). Gainera, bere aurkako zortzi mozio aurkeztu dituzte zortzi hilabeteko epe laburrean. Joan den uztailean izan zen azken saiakera.

EZ DAGO IRUZKINIK