Frantziako Gobernuak astelehenean iragarri zuen pentsioen erreforma berrartzeko asmoa. Eliseoak 2023ko udan espero du lege berria onartzea, V. Errepublikan ezohikoa den helduleku konstituzional bat baliatuta: 49.3 artikulua. Horren arabera, gobernuak parlamentuko eztabaida deuseztatu eta lege bat inposatu dezake, oposizioari zentsura-moziorako aukera ematen dion 24 orduko epearen barruan.
Argia da Macronen gobernuaren helburua: "Erreforma funtsezkoa da 2026tik aurrera pentsio sistemaren zorra ordaintzen hasteko eta finantza-maniobraren nolabaiteko abagunea askatzeko". Izatez, Frantziako Estatuaren defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,5ekoa da, eta Gizarte Segurantzaren funts soberakinek ez dute asko iraungo. Areago, hurrengo 25 urteetan "defizita" izanen dutela ziurtatu du Erretreten Orientaziorako Kontseiluak.
Indarrez
Erreformak haserre soziala piztu dezake. Legezko erretreta adina gibelatzea, adibidez, marra gorria da sindikatuentzako, eta Macronen gobernuak ez du aukera hori baztertzen. "Zerbaitetan aitzina egiteko erabateko adostasuna behar duzula uste baduzu, ez duzu deus egiten", dio presidenteak. Ondorioz, "albait arinen" onartu nahi du pentsioen erreforma, baita indarra erabiltzea baldin badakar ere.
Giro sozioekonomiko gatazkatsua eta 49.3. artikuluaren ezarpena politikoki arriskutsua baldin bada ere, prest da neurri berriak inposatzeko. "Bere bidean jartzen direnen gainetik" pasatzeko prest dagoela ziurtatu du; "bai kalean, bai legebiltzarrean". Errepublikako buruzagiak prentsari adierazi dionez, "49.3. artikulua tresna bat da, ez tabu bat".