AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / X-tik hartutakoa
2025/11/24 08:31

Fabien Mandon jeneralak, Frantziako Indar Armatuen Estatu Nagusiko buruak, haserrea sortu du Frantziako Estatuan: "Errusiaren aurkako disuasio-estrategiaren" barruan, herritarrei publikoki eskatu die "euren seme-alaben heriotza onartzeko" presta daitezela. Hedabide ugarik jaso duten modura, Frantziako Alkateen Elkartearen (AMF) biltzarrean egin zituen adierazpenak Mandonek, eta antolakunde politiko eta mugimendu sozial askok jo dituzte onartezintzat. Frantziako eliteen deriba militarista salatu dute, azpimarratuz militar bakar batek ere ez duela zilegitasunik giza-sakrifizioak inposatzeko eta biztanleria zibilaren lehentasun ekonomikoak bideratzeko.

Mandonek "defentsa nazionala" delakoa "galerei eta gabeziei eusteko borondate sozialarekin" lotu zuen, eta esan zuen Frantziako Estatuak "sufrimendu ekonomikoa" onartu behar duela, ekoizpen militarra lehenesteko. Hornikuntza-kateak indartzea eta erreserba militarra bikoiztea proposatu zuen, jardunean zeuden 200.000 soldaduei beste 80.000 gehituta, hiruzpalau urteko prestakuntza-plan baten barruan.

Erreakzio politikoak

Kritika politikoa berehalakoa izan zen. Jean-Luc Mélenchonek (La France Insoumise) seinalatu zuen jeneralak gehiegikeriak egin dituela bere eginkizunetan, eta Errusiaren aurkako erabateko gerra posible baten erantzukizuna populazio zibilaren gain jartzen ari dela. Eskuin muturrak ere, Rassemblement Nationalek kasu, zalantzan jarri zuen Mandon, biztanleria zibilaren gaineko aginpiderik ez duela-eta. Gogorarazi zuen jeneralaren adierazpenek arlo militarrarekiko mendekotasuna iradokitzen dutela.

Mezua Frantziako herritarrei zuzen-zuzenean eman bazien ere, oihartzun handia izan du Europa mailan. Izan ere, NATOk, herrialde bakoitzeko gobernuek eta Europako Batzordeak urteak daramatzate "berrarmatzea", "prestakuntza" eta "sakrifizioak" eskatzen, gerra-gastu handiekin, maniobra militarren areagotzearekin eta adierazpenen tonuan gora egitearekin batera.

"Biziraupen-gida"

Mandonen hitzekin bat eginez, Frantziako Gobernua "biziraupen-gida" bat zabaltzen hasi da, "hondamendi naturalei, osasun-krisiei, eraso teknologikoei eta gatazka armatuen behin-behinekotasunari aurre egiteko moduari" buruz. Gidak gomendatzen du "72 orduko kit bat mantentzeko elikagaiekin, urarekin, sendagaiekin, berogailuekin, mantekin, linternarekin, irratiarekin eta eskudiruarekin", Bruselaren bide-orriari jarraituz.

EZ DAGO IRUZKINIK