Apirilaren
14tik 15erako gauean, eraso koordinatu batzuk egin zituzten gutxienez bederatzi kartzela eta
espetxe-sistemarekin lotutako eraikinen aurka, Frantziako Estatuan. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltza Nazionalaren (PNAT) esanetan, ekintza horietan, besteak beste, su eman zieten hainbat ibilgailuri Tarasconeko
espetxe aurrean eta Aix-Luyneseko espetxe-agente baten etxe aurrean, eta kalteak eragin zituzten Seine-et-Marne eskualdeko espetxe-eraikin bateko atean.
Polizia zientifikoa eta teknikoa lanean ari da seinalatutako lekuetan,
antza, frogak biltzeko.
Emmanuel Macron presidenteak adierazi du eraso horien atzean dauden pertsonak "aurkitu, kondenatu eta zigortuko" dituztela, eta ekintzak "espetxeetako langileenganako larderia saiakera" direla. Gérald Darmanin Barne ministroak, bestalde, CNews eta Europe 1 komunikabideekin egin ditu elkarrizketak, eta adierazi du "batzuk Estatua ezegonkortzen saiatzen" ari direla "beldurra" eraginez, eta narkotrafikoaren aurkako politikak gogortu izanak sortu ahal izan dituela "errepresalia" horiek. Gobernuak, batez ere, ustezko "narkotrafiko-talde" batzuk aipatu ditu arduradun gisa, baina inteligentzia-zerbitzuek eta Poliziak ez dituzte beste hipotesi batzuk baztertzen.
Erasotako leku batzuetan "DDPF" siglak zituzten pintaketa batzuk aurkitu zituzten, ustez, Frantziako espetxeetako atxilotuen eskubideak leloaren laburdura frantsesez. Le Parisien-ek aipatutako polizia-iturrien arabera, beraz, baliteke "oraindik identifikatu gabeko ezkerreko talde militante" bat egotea ekintzen atzean. Hala, Telegram plataforman izen bereko kanal bat sortu izana ikertzen ari dira, erasoak hasi baino egun bat lehenago izan baitzen.
Pertsona bat atxilotu dute jada talde horrekin "lotura izatea" egotzita, baina ez dute frogatu gertakariekin lotura zuzena duenik, PNATek berak eta tokiko fiskaltzak aitortu dutenez.