AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Emmanuel Macron (X)
2025/05/14 11:25

Atzo, TF1 telebista-kate publikoan egindako agerraldi batean, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak esan zuen herrialdea "prest" dagoela Europar Batasuneko aliatuekin eztabaida bat hasteko, Frantziako arma nuklearrak beste estatu batzuetara hedatzearen inguruan. "Disuasio nuklearrean beti egon da dimentsio europarra, baina, anbiguotasun estrategikoari eusteko, ez dugu zehazten", adierazi zuen estatuburuak.

Macronek azpimarratu zuenez, "arma nuklearren edozein erabilerak Errepublikako presidentearen erabaki esklusiboa izaten jarraituko du", Indar Armatuen burua den heinean. Presidenteak argitu zuen, gainera, honakoa berehalako hedapen baten jakinarazpena ez bada ere, Frantziako armategi nuklearrak Europar Batasunarentzat "segurtasun" elementu gisa duen zereginari buruzko "eztabaida estrategikoa" irekitzea dakarrela.

Era berean, Macronek Ukrainako gerraren gaiari ere heldu zion jendaurrean, jokoan dagoena "gure segurtasuna" dela esanez. Horri lotuta, "30 eguneko lurreko, itsasoko eta aireko su-etena" eskatu zuen, eta ohartarazi zuen "datozen egunetan Errusiaren aurkako zigor berriak ezartzeko prest" daudela, "negoziazioek aurrera egiten ez badute".

Agintariaren hitzetan, Paris eta Washington "guztiz" bat datoz puntu horretan. Vladimir Putinekin bilera bat egiteari dagokionez, Macronek azaldu du "prest" legokeela, "su-eten bat gertatuz gero, berekin berriz elkartzeko". Adierazpen horiek, hain zuzen ere, Putinen eta Zelenskiren arteko balizko bilera baino bi egun lehenago egin ditu Macronek.

Moskuren erantzuna orain arte

Errusiak erantzun gogorrak eman izan dizkio Eliseoari, horrelako iradokizunen aurrean. Martxoaren hasieran, Kremlinek eta Sergei Lavrov Atzerri ministroak Macronen erretorika nuklearra "mehatxutzat" eta "oso konfrontatibotzat" jo zuten. Frantziako Estatuari leporatu zioten Ukrainako gerra luzatu nahi izatea, eta Napoleonekin edo Hitlerrekin alderatu zuten Macron.

Moskuren esanetan, Ukrainan Europar Batasuneko indar militarrak hedatzea NATOren inplikazio zuzena izango litzateke gatazkan, eta Frantziaren aterki nuklearra zabaltzeari buruzko edozein eztabaida errefusatu du, proposamen horiek "gorakada larria" ekarriko luketela azpimarratuz. Gainera, Errusiak beste batzuetan ere salatu izan du Parisek bere lidergo nuklearra bilatzen duela Europan, eta Frantziako agintariei egotzi die "NATOren hedapenaren inguruan Errusiak dituen segurtasun-kezka legitimoei muzin egitea", berretsiz ez duela onartuko "ultimatumik eta aurretiazko baldintzarik" Ukrainako gatazkan.

EZ DAGO IRUZKINIK