AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/14 23:55

Espainiako Estatuko biztanleria presoaren hazkundea guztiz basatia da, ikuspegi historikotik begiratuta. 1975eko urte amaieran, Estatuak 8.440 pertsona zituen giltzapean, eta 2022ko bukaeran, berriz, 51.780 ziren, Barne Ministerioaren datuen arabera. Horrek esan nahi du 47 urtean %513 hazi dela preso kopurua, urte bakoitzeko %10, batez beste. Are gehiago: 2022ko abenduan zenbatzen ziren preso prebentiboak, 9.025, 1975eko preso guztiak baino gehiago ziren. Hau da, 2022an preso zeuden hamar lagunetik ia bik (%17,4) oraindik ez zuten epaiketarik izan. Apur bat atzera begiratuta, 2015ean %12,5 ziren; beraz, %4,9ko igoera izan da zazpi urte eskasean. Alderaketa horiek guztiak are txundigarriagoak dira Espainiako Estatua 1975ean diktadura-egoera argian bizi zela jakinda.

2022ko abenduan zenbatzen ziren preso prebentiboak, 9.025, 1975eko preso guztiak baino gehiago ziren

Inork pentsa lezake preso dagoen biztanleriaren igoera hazkunde demografikoari zor zaiola. Egia da azken bost hamarkadetan Espainiako Estatuko biztanleriak gora egin duela, baina bakoitza zein proportziotan igo den ikusita, susmo horrek ez du ez hanka ez buru: 1975eko abenduan 35.946.425 pertsona zeuden erroldatuta, eta 2022ko abenduan, berriz, 47.432.893. Horrek esan nahi du 1975ean presoak biztanleria osoaren %0,02 zirela, eta 2022an, ordea, %0,1. 2020an Espainiako Estatuko 100.000 biztanletik 120 espetxean zeudela kalkulatzen da.

Aldika

Espetxeratze-tasen bilakaeran, oro har, lau etapa bereizten dira: lehen etapan (1980-1994), asko hazi zen presoen kopurua; bigarren etapan (1995-2001) egonkortu egin zen; hirugarren etapan (2002-2010) bigarren aldiz igo zen; eta, azkenik, laugarren etapan (2011-2018), murriztu egin zen. Zifra zehatzetan jarrita, 1990ean 33.058 preso zeuden, eta 2010erako bikoitza baino gehiago ziren: 73.929.

Espainiako Estatuko espetxeratze tasa Hamabosten Europako batez bestekoa baino %32 handiagoa zela kalkulatzen zen 2016an, eta delinkuentzia tasa, berriz, %27 baxuagoa

Azken aldi horretan, delituen indize absolutu zein erlatiboak jaisten ari direla ikusita, logikoena litzateke preso kopuruak ere behera egitea. Hein batean hala izan da, baina errealitatea ez da horren sinplea: Espainiako Barne Ministerioaren datuetan ikus daitekeenez, preso kopurua pixkanaka jaitsi edo egonkor mantendu da, delitugintzaren indizeak askoz ere azkarrago jaitsi diren bitartean. Hau da, preso kopurua jatsi da, baina ez delituena bezain nabarmen. Gauzak horrela, Espainiako Estatuko espetxeratze tasa Hamabosten Europako batez bestekoa baino %32 handiagoa zela kalkulatzen zen 2016an, eta delinkuentzia tasa, berriz, %27 baxuagoa.

Delituen jaitsiera

Fenomenoaren zergatia "delinkuentziaren igoeran" ikusten dute askok. Errealitateak, ordea, ez du zerikusirik komunikabideetan zabaldu ohi den iruditegi alarmista horrekin. Barne Ministerioaren datuen arabera, Espainiako Estatuko "kriminalitate tasa" deituriko adierazlea Europar Batasuneko baxuenetarikoa da, eta zer esanik ez Mendebaldeko Europa mailan.

Delituen adierazle nagusien joera orokorra, gainera, beheranzkoa izan da azken bi hamarkadetan. 2004an 2.141.000 arau-hauste penal atzeman ziren Espainiako Estatuan, eta 2.297.000raino igo ziren 2010erako. Hortik aurrera, 2018. eta 2019. urteetako igoera puntual batzuk kenduta, beherakada ia etengabea izan da.

48,8 delitu atzeman ziren 1.000 biztanleko. [...] Erresuma Batuan 79,5 delitu zenbatu ziren; Alemanian 60,7; Belgikan 74,8 eta Danimarkan 53,9

Horren baxua da Espainiako Estatuko delituen kopurua, 2022an ziberdelituen igoera esponentzialak 2.325.358raino igo bazuen ere, urteko kriminalitate tasa ez zela 48,8 puntutik igaro. 48,8 delitu atzeman ziren 1.000 biztanleko. Inguruko estatuekin alderatzearren, Erresuma Batuan 79,5 delitu zenbatu ziren; Alemanian 60,7; Belgikan 74,8 eta Danimarkan 53,9. Hori gutxi balitz, "delitu konbentzionalen" (ziberdelituak ez direnak) multzoak beheranzko joerari eutsi zion: 1.949.852 zenbatu zituzten, pandemia aurreko erreferentziazko azken urtea den 2019an baino %1,6 gutxiago.

Espetxealdiak gora

Herritarren artean nahiko zabalduta dagoen beste mito bat da "presoak segituan askatzen dituztela". Hori ere gezurra da, askatasunaz gabetzeko zigorren iraupena etengabe handitu baita, eta espetxean egiten den batez besteko denbora inoiz baino luzeagoa da. Izan ere, kartzelaratze masiboaren prozesu historikoaren atzean, zentzuan ezarrita dagoen ulerkeraren kontrara, "Zigor Kodearen gogortze neurrigabe eta progresiboa" dagoela azpimarratzen dute adituek.

ROSEP plataforma (Espetxe Inguruneko Gizarte Erakundeen Sarea) argi mintzo da horri buruz, Estudio de la realidad penal y penitenciaria izeneko txostenean: "Espainiako Estatuan jende gehiegi kartzelaratzen da, denbora luzeegian, delitu ez oso larriengatik". Gainera, delitu ohikoenei (lapurreta, ebasketa eta droga-trafikoa) dagozkien zigorrak bereziki igo dituztela nabarmendu daiteke; zigorren iraupena bikoiztu edo, are, seikoiztu izan dute zenbait kasutan.

Gauzak horrela, garai konstituzionaleko zigorrak frankismokoak baino askoz ere luzeagoak eta inguruko herrialdeetakoak baino altuagoak direla ohartarazten du ROSEP txostenak. Kontua ez da delituen edota zigorren kopurua igo dela, ez eta urteroko espetxeratzeen kopurua ere. Estatuak ez du geroz eta jende gehiago sartzen kartzelara: sartzen dituenak denbora gehiagoz sartzen ditu, eta geroz eta baldintzapeko askatasun gutxiago ematen ditu. 1996. eta 2014. urteen artean, baldintzapeko askatasunak %9 murriztu zirela ziurtatzen du ROSEPek. Hala, presoak kartzeletan pilatuz doaz.

Espetxean igarotako batez besteko denbora lau hilabetekoa zen 1980an, hamarrekoa 1996ean, hemezortzikoa 2010ean eta 21,9koa 2018an

Aurrekoa bestelako zifretan ikusteko, El futuro de la prisión en España azterlanak erakusten duen bezala, espetxean igarotako batez besteko denbora lau hilabetekoa zen 1980an, hamarrekoa 1996ean, hemezortzikoa 2010ean eta 21,9koa 2018an. Azken hori inguruko zenbait herrialdetako kopuruen hirukoitza baino gehiago da. Europako Kontseiluak urte horretan bertan egindako azterlan batek berresten duenez, Espainiako Estatuko espetxealdiek Europako 47 herrialderen batez bestekoak bikoizten zituzten, eta are gehiago.

Portugalen, Errumanian eta Azerbaijanen bakarrik zen luzeagoa askatasun-gabetzea. Italiako batez besteko espetxe-egonaldia 13,7 hilabetekoa zen; Erresuma Batuan, 9,1ekoa; Frantzian, 8,5ekoa; eta Alemanian, 8,2koa. Are gehiago: erakundeak ohartarazi zuenez, Espainiako Estatuak hiru urtetik gorako kondenen maila guztietan gainditzen zituen beste herrialdeak: presoen %50ek bost urtetik gorako zigorrak zituzten, %20ek hamar urtetik gorakoak, eta %4,3k, berriz, hogei urtetik gorakoak.

Eta ez hori bakarrik: gehienezko zigorrak ere Europako altuenak dira Espainiako Estatuan. Teorian biziarteko kartzela-zigorrik ez badu ere, azken urteetako erreformekin, praktikan, 40 urteko espetxealdiak osoki betearazi daitezke, lehengo maximoak 25 eta 30 urte artekoak ziren bitartean. Afrikako, Latinoamerikako edo Texasko (AEBak) espetxe-sistemetara jo behar da 40 urteko kondena osoak aurkitzeko, Mendebaldeko gainontzeko herrialdeetan ez baitago halakorik.

Klase izaeradun Zigor Kodea

Gezurtatu beharreko beste aurreiritzi bat presoen profil ohikoenaren ingurukoa da. Espetxeak "bortxatzaile eta hiltzaile arriskutsuz beteta" daudela uste duten pertsonak ez dira bi. Bada, horrek ere ez du zerikusirik barroteen atzean aurkitzen den errealitatearekin. 2022an epai irmoa zuten 42.191 zigortuen artean, %17,7 "osasun publikoaren aurkako delituengatik" (droga-trafikoa) zeuden preso Espainiako Estatuan, eta beste %41,23 "ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituengatik" (lapurretak eta ebasketak).

Epaituak izan diren presoen %58,96 desjabetza- eta pobrezia-egoeren zuzeneko ondorio diren delituengatik espetxeratu dituzte

Azpimarratzekoa da, bestalde, biolentziazko delituengatik zigortuak izan direnak gutxiengo bat direla horien artean ere. Beraz, nahiko argi esan daiteke epaituak izan diren presoen %58,96 desjabetza- eta pobrezia-egoeren zuzeneko ondorio diren delituengatik espetxeratu dituztela. Homizidioengatik zigorra betetzen dutenak %7,9 dira, eta sexu-askatasunaren aurkako delituengatik zigortuak %9,5.

Aurrekoa gutxi balitz, ROSEP txostenak gogorarazten du Espainiako Estatuko presoen %10 "erabat analfabetoak" direla eta %19, berriz, "analfabeto funtzionalak"; hau da, egunerokotasunean irakurri edo idatzi ahal izateko "arazo larriak" dituztenak. Espetxe jakin batzuetako presoen erdiak, gutxienez, oinarrizko ikasketak baino ez dituztela ere zenbatu izan da. Bestalde, drogomenpekotasuna duten presoak erdia baino gehiago direla kalkulatzen dute. 2015ean %65 inguru ziren, ROSEPen arabera. Buruko gaixotasun larriak zituztenak, berriz, %8 zirela diote.

Konparaketa modura, gogoratu behar da lapurreta txiki batengatik zigortua izan denak hemezortzi hilabetera arteko espetxe-zigorra jaso dezan, lapurtutakoaren balioa 400 eurotik gorakoa izan behar dela. Aldiz, Ogasunari iruzur egitea delitutzat jotzeko, 120.000 eurotik gorako iruzurra egin behar da. Krimena klase sozialaren arabera neurtzeko haga bikoitz hori handia bazen, are handiagoa da Zigor Kodearen erreforma berriaren ondoren, zeinak kartzelaz zigortzen baitu behin eta berriz egindako lapurreta txikia.

Zigor Kodearen historia

Ohikoa da iritzi publikoak espetxe-zigorra handitzea eskatzea, enkante batera doanak bezala. Askotan, eskakizun horiek neurri horien ondorio sozialez gehiegi jabetu gabe eta indarrean den legediaren ezagutza faltatik egiten dira; eta eskua jada "nahikoa gogorra" dela jakin gabe, gainera. Azken bi hamarkadetan bakarrik, Zigor Kodeak 30 erreforma baino gehiago jasan ditu, eta gehienek zigorren iraupenak luzatu dituzte.

Azken bi hamarkadetan bakarrik, Zigor Kodeak 30 erreforma baino gehiago jasan ditu, eta gehienek zigorren iraupenak luzatu dituzte

ROSEPek ondorioztatzen duenez, "urtero erreforma bat baino gehiago jasan izanak jada adierazten du Espainiako Estatuko zigor erregulazioa ez dela irizpide arrazionaletan oinarrituta eraiki, errealitatearen azterketa pausatu batean oinarrituta, ezta justifikazio tekniko, juridiko edo kriminologikoetan oinarrituta ere". Kontrara, Zigor Kodearen etengabeko arautze horrek "beroan" hartutako erabakiak direla diote adituek, alegoa, "irizpide sentsazionalisten eta hauteskunde-beharren arabera". Horren emaitzak "1978ko Konstituzioaren aurretik zegoena baino zigor sistema zigortzaileago bat eta espetxe-sistema hipertrofiatua" direla uste du plataformak.

EZ DAGO IRUZKINIK